euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larraoiz Elektronika enpresa zarauztarrak 30 urte bete ditu eta bihar ospatuko du, eskaintza bat eginez Diasporako gazteei

2018/09/26

Larraioz Elektronika enpresaren egoitza den FACT (Francisco Aristeguieta Centro Tecnológico)
Larraioz Elektronika enpresaren egoitza den FACT (Francisco Aristeguieta Centro Tecnológico)

PUBLIZITATEA

Buenos Airesen jaio zen Bittor Larraioz Aristeguieta, Gerra Zibilagatik jaioterria utzi behar izan zuen familia batean. 80. hamarkadan bidaiatu zuen lehen aldiz Euskal Herrira eta bertan geratzea erabaki zuen; eta elektronika arloan zuen eskarmentuak bultzaturik Larraioz Elektronikaren oinarria jarri zuen. Automatizazio, mekatronika eta robotika arloko enpresa sendoa denak 30 urte ospatuko ditu bihar. Ospatu ere, eskaintza interesgarria eginez ekimena ezaugarri izan dezaketen euskal diasporako gazteei.

Zarautz, Gipuzkoa. Arratsaldeko 5etan hasiko da bihar Bittor Larraioz Aristeguieta euskal argentinarrak sortutako Larraioz Elektronika enpresaren 30. urteurreneko zeremonia. Ekitaldia –Larraioz Aristeguieta neba-arreben hitzak, bisita gidatua eraikinari eta kontzertua barne– enpresak Zarautzen daukan  FACT (Francisco Aristeguieta Centro Tecnológico) izeneko instalazioetan egingo da.

Bittor eta Maria Elena Larraioz neba-arrebek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez, gaur egun enpresaren egoitza den FACT eraikinaren izenak euren osaba izan zen Francisco Aristeguieta omendu nahi du. "Zientzi gizona izan zen, aitzindari bat, bizitza osoa eman zuen gaztejendea trebatzen. Buenos Airesko Universidad Tecnologica Nacional-aren bultzatzaileetako bat izan zen eta katedraduna hiriburuko Luis A. Huergo Institutuan", argitzen dute.

Iragana eta etorkizuna, joan-etorriko bidea

Larraioz Elektronika euskal enpresa bat da, Gipuzkoako kostaldean kokatua, euskal diasporarekin lotura sendoa daukan familia batek sortua. Buenos Airesen abiatzen den Larraioztarren historia En busca de un tiempo olvidado liburuan bildu du Maria Elena Larraioz Aristeguietak.

Egileak azaltzen digu bere gurasoak Argentinan ezkondu zirela 1948an. "Hori baino lehen oztopo ugariri egin behar izan zioten aurre aitak zein amak". "Gure aita, Victoriano Larrayoz, Ventas de Gulina-n jaio zen, Nafarroan, eta 1936an, 20 urterekin, ‘Carlos Marx’ Tolosako Antifaxisten milizian sartu zen, bere lau anaiekin. Urte berean Karakate mendian zauritu zuten”.

“Ama, María del Carmen Aristeguieta Urgoiti, donostiarra zen, 1920an jaioa. Venancio Aristeguieta zuen aita, Euzkadiko espetxeetako inspektore orokorra, eta oso gazte zela tokatu zitzaion guraso eta senideekin ihes egin behar izatea Frantziara”.

“Garai nahasia zen eta urte batzuen buruan, hainbat jazarpen, gorabehera eta ihesen ostean, Baionan ezagutu zuten elkar Victoriano Larrayoz-ek eta Maria del Carmen Aristeguietak, 1944an. Momentu zailak ziren Europan eta arrisku giroa airean zegoen eta bazekiten Atlantikoa zeharkatu behar zutela salbu egoteko. Eta hala egin zuten. Maria del Carmen 1947an argentinaratu zen, Groix itsasontzian, eta Victorianori urtebete bat gehiago kostatu zitzaion ailegatzea”.

Argentinan ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten Buenos Airesen, Maria Elena eta Bittor. San Telmo auzoan bizi ziren. Maria Elena Laurak Bat Euskal Etxeko kide izan zen eta Buenos Airesko Euskaltzaleak-en ikasi zuen euskara. Denborarekin, lehenik Bittorrek eta geroago Maria Elenak jaioterria utzi eta euren gurasoen kontrako bidea egin zuten, bizimodu hobe bila. Eta Euskal Herrian, sustraiak berreskuratzearekin batera, etorkinari begietara begiratu diote, planak eginez, Euskadi eta Argentina uztartu eta euren bi aberriek berezko lekua daukaten planak gainera.

Euskal Herria eta Amerika lotzeko era berri bat

Argentina, Txile eta Uruguairekin lan egiteko proiektu bat jarri du abian Larraioz Elektronika enpresak ‘win to win’ delako hartu-eman baten bidez: dagoeneko abian den ekimen berrian LEIk (Larraioz Electrónica Industrial-ak) bere teknologia eta esperientzia jarriko ditu eta LEALek (Larraioz Elektronika América Latina-k) giza baliabideak, hau da, bere bizitokian aukerarik ez duen eta ikasi eta hazi nahi duen jende motibatua.

Honi lotuta enpresatik jakinarazi digute hitzarmen bat sinatu dutela Buenos Aireseko Luis A. Huergo Institutuarekin, mekatronikan trebatzeko truke programak egiteko. Izan ere 2018 honetan Huergo Institutuko hiru ikaslek hiru asteko egonaldia egin dute Zarauzko enpresan. Esperientzia laster errepikatuko da eta denbora gutxi barru deialdi berri bat zabalduko dute, euskal diasporako gazteen artean bereziki hedatzeko asmotan. Plazaratu bezain azkar argitaratuko du EuskalKultura.com-ek.

[Larraioz Elektronika enpresaren aurkezpen bideoa]

Larraoiz enpresaren webgunea: http://larraioz.com/empresa



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia