euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larraioz Elektronika enpresa zarauztarrak formakuntzarekiko konpromisoa eta diasporarekiko lotura berritu ditu

2023/01/05

Buenos Airesko Huergo Institutuko 8 gazteak Larraioz Elektronikako prestakuntza programaren ziurtagiriekin
Buenos Airesko Huergo Institutuko 8 gazteak Larraioz Elektronikako prestakuntza programaren ziurtagiriekin

PUBLIZITATEA

Zarautz, Gipuzkoa. Egoitza Zarautzen daukan enpresa da Larraioz Elektronika. Aurten, pandemiak eragindako hiru urteko geldialdiaren ondoren, berriro gauzatu du bere Industria Mekatronikoari Aplikatutako Teknologia Berriak Trebatzeko Programa. Ekimena Buenos Aires Hiriko Luis A. Huergo Industria Institutuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten ondorioz sortu zen eta berau medio euren merituengatik hautatutako Institutu horretako gazte talde bat Zarautza enpresaren instalazioetara bidaiatu eta formakuntza teoriko eta praktikoa jasotzen du automatizazioa, mekatronika eta robotika alorretan, Larraioz Elektronika punta-puntako enpresa baita alor horietan.

Enpresaren sortzailea, Bittor Larraioz Aristeguieta, Buenos Airesen jaio zen Euskal Herria Gerra Zibilagatik utzi behar izan zuen familia batean eta 80ko hamarkadan egin zuen lehenengo bidaia Euskal Herrira. Diasporarekiko duen lotura estua ez da, beraz, kasualitatea. Familia-enpresa honek funtzionatzen duen eraikinari Francisco Aristeguieta izena jarri zioten, Bittor-en amaren anaiaren omenez. Francisco bere bizitza gazteen formakuntzan eman zuen zientzialari aurreratua izan zen, Buenos Airesko Universidad Tecnológica Nacional-en bultzatzaileetako bat eta katedraduna argentinar hiriburuko Luis A. Huergo Institutuan.

Zubi euskal-argentinarra

Azkeneko programa honetako protagonistak Huergo Institutuko 8 gazte izan dira: Juan Cruz, Milena, Gonzalo, Thiago, Adriel, Ariana, Nacho eta Mateo. Helburua, gaur egun erabiltzen diren teknologia errealak eta puntakoak ezagutzea izan dute, oraingo honetan Kawasaki eta IAI robotak programatzen eta erabiltzen, eta Codesys softwarea jorratzen. Elixabete López Segura Larraioz Elektronikako marketin eta komunikazio teknikariak adierazi dio EuskalKultura.eus-i programa, ikasleen burua lantzeko garatuta dagoela. Horretarako, egunero hainbat ariketa teoriko-praktiko egin dituzte teknologia bakoitzarekin, taldean zein banaka lan egiten ikasteko, ariketak ebatzi arte.

Bizi izandakoa esker onez ebaluatu dute gazteek, esperientzia biziki aberasgarria izan delako eta pentsatzeko eta ikasteko modu berri bat ikusi eta bizi dutelako. Proiektuaren arduradunak ere pozik agertu dira egindako lanarekin, programak Argentinako promesa gazte horiei haien etorkizun profesionala zehazten edo argiago izaten lagundu dielakoan. Zorionak guztioi!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia