euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larrabetzuk bere seme Atanasio Jauregi omenduko du bihar, Peruko Amazoniako pasiotar aitzindaria

2013/09/06

Atanasio Jauregi apezpikua bere pasiotar lankide Gabino Zugazaga, Juan Primo eta Matias Irazabalekin.
Atanasio Jauregi apezpikua bere pasiotar lankide Gabino Zugazaga, Juan Primo eta Matias Irazabalekin.

PUBLIZITATEA

Pasiotarrak Peruko Amazonian sartu zirela mendeurrena betetzen ari garen urte honetan, Euskal Herrian, Larrabetzuko (Bizkaia) herriak bere seme kuttunenetako bat omenduko du bihar, Atanasio Jauregi Goiri (Larrabetzu, 1877-Yurimaguas, 1957), eskualde perutar hartara 1903an iritsitako aitzindarietako bat, bertako prefektu apostolikoa eta lehenengo apezpikua izango zena, bere zeregin misiolariekin batera, bestela ere bertakoak laguntzen saiatuko zena, hala nola hezkuntza, osasuna, kultura eta gizarte mailan. Hil zela mende erdi pasea bada ere, gaur egun Yurimaguas hiriko kale garrantzitsuenetako batek, aireportu ondoko enparantza batek eta eskualdeko eskola prestigiotsuenetako batek bere izena daramate, Jauregik bertan utzi zuen marka sakonaren adierazgarri.

Larrabetzu, Bizkaia. Atanasio Jauregi Goiri monsinoreak badu dagoeneko monumentua sorterrian, bere irudiaren azpian "Larrabetzuko Herriak Atanasio Jauregiri eraikitako monumentu oroigarria" hitzak grabatuta dituena, Goikolexeako elizaren aurrean, eta honen inguruan garatuko da, hain zuzen ere, bihar egingo zaion omenaldiaren zati nagusia.

Bihar larunbaterako Larrabetzun prestatu den egitarauak goizeko 11etan izango du hasiera, festa girotzearekin, ondoren eguerdian Migel Irizar monsinoreak --Perun Lima ondoko Callaoko apezpikua izan da iazko urte hasiera arte eta bertako apezpiku emeritua da egun-- meza emango du eta ondotik, ordubatean, omenaldia egingo zaio Atanasio Jauregiri eliz aurrean dagoen bere aldeko monumentuan.

[Gregorio Arrien-i, pasiotarra bera ere, eskertzen diogu artikulu hau idazteko emandako datu eta testuak]

Atanasio Jauregi monsinorea

Atanasio Jauregi Larrabetzun (Bizkaia) jaio zan 1877an, Pasiotarren Kongregazinoan profesatu, bere jaioterriko beste gazte askoren antzera (ikus artikuluaren azkenean) eta abade egin zan 1901. urtean.

Bolada batean ikasle pasionista gazteen hezitzaile eta zuzendari izan eta 1912. urte azkenaldera Perurako bidea hartu eban, hamabi pasiotar misiolariren buru -sei abade eta sei anaia-, Chachapoyase-ko gotzain Emilio Lisson-ek gonbidatuta. Euren misiolari zeregina San Martin eta Huallaga probintzietan topatu eban, Tarapoto herria bizilekutzat hartuta. Harako bidea luzea, gatxa eta neketsua izan zan.

Ad experimentum hitzartutako epea bete ondoren, misiolariek ezin izan eben bertan behera itzi hainbeste neke lorrez euren gain hartutako lantokia, eta Erromako Aulki Gorenak pasionisten nagusiak onartutako epea luzaturik, berton geratzea erabagi eben. Honela sortu zan Marañon aldeko San Gabriel Preladutza  Amazonas Goreneko probintzian, lurralde zabala oso, batetik besterako joan-etorriak egiteko komunikabide bakartzat ibai haundiak zituela.

Atanasio Jauregi Prefektu Apostoliku izendatua izan zan. Prefektura apostiko hau Bikariatu Apostoliku izatera jasoa izan zan 1936an, Bikariatuko lehenengo gotzain Atanasio Jauregi bera izendatuta, egoitza nagusia Amazonas Goreneko hiriburua dan Yurimaguasen.

Zuzeneko ebanjelizazioaz gainera, bere ardurapean lehentasunezko lekua izan eben heziketak eta osasun-alorrak. Geroago, apostolutza eta giza eta kultur esparruak hedatuz landu ziran:

-Heziketa eta kultura sustapena. Yurimaguaseko eleiz katedralaren eta Probintziako hainbat lekutan jasotako hainbat eleiz eta kaperaren eraikuntzarekin batera, 1937. urtean bigarren mailako irakaskuntzarako San Gabriel ikastetxea zabaldu zan hiriburuan, aldi berean Yurimanguas eta Lagunas-ko emakume gazteen heziketa lekaime irakasleen esku itziz. Horrekin batera, parroki-eskola eta heziketa ikastetxeen sare zabala sortu zan ibai haundietan erroturik egozan herri eta puntu nagusietan.

-Osasun eta gizarte arloko sustapena: Osasunaren esparruan nabarmentzen ziran hutsune haundien aurrean eta jentearen eskabide larriei erantzunez, misiolariak San Gabriel izeneko ospitala eregi eben; geroago eraikin honen osagarri, Ibai bidezko Zerbitzu Zibikoa indarrean jarriz, Santa Gema txalupa medio. Bestalde, jentearen etxebizitza egoera hobetu nahirik, eta parroki etxeak eta bertako bokazinoentzat eraiki beharreko Seminarioa egiten jarraitzeko asmoz, 50. hamarkadan adreilu fabrika bat sortu zan, probintzian lehenengoa. Hurrengo hamarkadan, adreilu lantegi barri hau zerrategi bategaz osotu zan.

Pasiotar larrabetzuarrak

Jauregi monsinorea Pasiotar Kongregazinoan profesa egin eban, larrabetzuar askok legez, horien artean honakoak:

-Aita Casimiro Apraiz (Lucio, bere erlijio-izenean), 1911-1991
-A. Gregorio Azpuru (Manuel), 1887-1911
-A. Gabino Basaras, 1874-1935
-A. Francisco Bilbao (Gerardo), 1901-1989
-A. Víctor Bilbao, 1903-1983
-A. Román Dañobeitia (Máximo), 1902-1987
-An. Fidel Elejaga, 1885-1913
-A. Claudio Etxeandia (Juan María), 1879-1963
-An. Miguel Iturregi, 1874-1958
-Monsinore Celestino Jauregi (Atanasio), 1877-1957
-C. Antonio Loroño (Serapio), 1885-1904
-A. Juan Cruz Loroño (Eusebio), 1876-1938
-A. Serapio Loroño, 1874-1895
-An. Ignacio Meñica (Felicísimo), 1875-1942
-C. Martín Meñica (Felicísimo), 1870-1890
-A. Tiburcio Meñica, 1872-1931
-An. Toribio Olazabalaga (Mariano), 1910-1959
-An. Pio de Olea (Leonardo), 1868-1937
-C. Lorenzo Villa (Lázaro), 1922-1942
-A. Román Villa, 1903-1957
-A. Juan Bautista Zarandona (Lucas), 1890-1979



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia