euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapurdiko Zpeiz Mukaki taldeak bere euskal dantza eta rock fusio alaia eramango du uda honetan AEBetara

2009/06/04

Zpeiz Mukakiko dantzariak Baionako FIPA zine jaialdian egin zuten emanaldian (argazkia ZpeizMukaki)
Zpeiz Mukakiko dantzariak Baionako FIPA zine jaialdian egin zuten emanaldian (argazkia ZpeizMukaki)

PUBLIZITATEA

Zpeiz Mukaki izenaren atzean Iparraldeko hamabost bat gazte ezkutatzen dira, batzutan mozorroen azpian, bestetan gona eskoziardun arrantzalez jantzita. Orain hiru urte Iparraldeko herrietako jaiak girotzeko txaranga bat sortzea erabaki zuten eta harrez gero Ipar zein Hego Euskal Herrian eta atzerrian hainbat emanaldi egin dituzte. 'Iparralden gazteek gero eta gutxiago dantzatzen dute eta jaiak girotzen lagundu nahi genuen', azaltzen du txarangako kide Iban 'Peru' Ithurbidek. Aurten, uztailean eta abuztuan, lehen aldiz AEBetan izango dira euren euskal dantza eta rock nahasketa berezia eskainiz. Renon, San Frantziskon eta Gardnerville-en emanaldiak itxiak dituzte jada, baina inork interesik balu kontzertu-ikuskizun berriak antolatzeko prest daude.

Baiona, Lapurdi. Zpeiz Mukaki talde lapurtarra, Iparralde hainbat herrietako mutil gazteek osatzen duten txaranga bizia, AEBetako euskal etxeen jaietan izango da aurtengo udan,  euskal dantza eta rock nahasketa alai eta lotsagaberekin. Taldea 2006ean sortu zen, Sarako gaztetxearen hamabostgarren urteurrena ospatzeko, eta harrez gero Ipar eta Hego Euskal Herrian emanaldiak egiteaz gain, Korsikan, Katalunian, Bretainian, Dijon-en eta Bordelen izan dira gazte hauek.

Taldearen parte bat AEBetan izango da uztailaren 25ean, Renoko Euskal Etxearen Basque Festival jaialdian parte hartzeko. 'Bi musikari, bi dantzari eta bertsolari bat izango gara', azaltzen du Peruk. Taldeko beste partaideak abuztuaren 2rako helduko dira, San Frantziskoko Basque Cultural Center-en emanaldia egiteko. Ondoren, abuztuaren 8an Nevadako Gardnerville herriko Basque Picnic jaian parte hartuko dute.

Jaiak girotu

Taldearen helburua, 'Peru' Ithurbidek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, jaiak girotzen laguntzea izan da hasiera-hasieratik. 'Kantu, dantza, musika eta bertsoekin. Euskal dantza pausuak oinarri hartuta Kortatu, Negu Gorriak, La Polla Records eta Exkixu bezalako rock taldeen musikarekin moldatzen ditugu'. Emanaldiak oso bereziak izan ohi dira eta taldekideak mozorrotuta edo gona eskoziardun dantzariz jantzita ager daitezke... edozer jendea harritu eta animatzeko. 'Hamabost mutil gara eta emakumerik ez dagoenez taldean, ba gonak guk janzten ditugu', dio txantxetan Peruk. 'Euskal mutilek ez dutela dantza egiten esan ohi da, guk kontrakoa erakutsi nahi dugu. Gure emanaldietan ikusleei ere gurekin dantza egiteko gonbitea luzatzen diegu eta giro polita sortzen da'.

Zpeiz Mukaki honakoek osatzen dute:

-Patxi Bidart (Baigorri): gaita eta saxofoia

-Michel Zamora (Senpere): eskusoinua, tronpeta, xirula eta ahotsa

-Ortzi Igoaz (Biarritz): bateria

-Sebastien Cedes (Kanbo): gitarra

-Amaiur Koskarat (Baigorri): baxua

-Peio Iciaga (Ezpeleta): perkusioa, ahotsa, dantza

-Eneritz Zabaleta (Baiona): bertsolaria

Dantzariak:

-Laurent Harinordoquy (Louhoso): dantza irakasle eta dantzari

-Jose Cazaubon (Arrangoitze): dantza irakasle

-Ximun Garcia Basurko (Sara)

-Joanes Garcia Basurko (Sara)

-Patrick Etchegaray (Sara)

-Mikel Perez (Getari)

-Iban Ithurbide  (Baiona)

AEBetan taldeak Reno, San Frantzisko, Los Angeles, Las Vegas eta Gardnerville bisitatuko ditu. Taldekideak emanaldi berriak antolatzeko prest agertu dira, euskal etxeeren batek edo euskal komunitateko inork interesik balu. 'Lo egiteko lekua baino ez dugu eskatzen', dio Ithurbidek. 'Eta bestela karrikak animatzeko prest gaude, oso kalekumeak gara eta'. Eurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, deitu Iban Ithurbideri 00-34-621-341685 telefonora edo e-maila idatzi hona.

Taldeari buruzko informazioa eta bideoak euren webgunean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia