euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Getariako "Saraleguinea" Museoak Jacques-Hippolyte Lesca amerikanuaren bizitzari buruz erakusketa antolatu du

2008/09/09

Getariako "Saraleguinea" etxea, museoaren egoitza
Getariako "Saraleguinea" etxea, museoaren egoitza

PUBLIZITATEA

Getaria lapurtarreko "Saraleguinea" museoak erakusketa antolatu du urriaren 31 arte Jacques-Hippolyte Lescaren bizitza eta ibilbideari buruz. Bere lehenengo mendeurrena betetzen ari den "Saraleguinea" etxea J.H. Lesca indianoak eraiki zuen Rio de la Platatik itzultzean. Gizon lapurtar honek garrantzi handia izan zuen XIX. mende bukaera-XX.aren hasieran Rio de la Platako ekonomian. Erakusketak "Saraleguinea edo Jaques-Hippolyte Lesca jaunaren 3 bizitzak" izenburua darama eta Lescak Argentinan eta Lapurdin izandako bizipenak ditu erakusgai.

Getaria, Lapurdi.  Egun museoa den "Saraleguinea" etxearen 100. urtemuga dela eta, bere sortzaile Jaques Hippolyte Lescaren bizitzaren eta bere ekarpenaren inguruan erakusketa zabaldu da bertan, Euskal Kultur Erakundearen partaidetzarekin. Urriaren 31 arte egongo da zabalik. "Saraleguinea edo Jaques-Hippolyte Lesca jaunaren 3 bizitzak" du izena. Izenburuak J.-H. Lescaren bizitzako 3 zati garrantzitsu biltzen ditu, eta horiek lantzen dira erakusketan:

  • Euskaldunen atzerriratzearen historia Rio de la Plata aldean, Saralegui-Lesca familiaren biziaren eta esperientziaren bitartez
  • Rio de la Platako bizia eta ekonomia Saraleguitarren eta Lescatarren arrakastaren bitartez
  • Negozio gizon horren etxera itzultzea eta euskal gizarteari egin dion ekarpena
  • Jaques-Hippolyte Lescaren ibilbideak eta ekarpenak zuzeneko harremana du XIX. eta XX. mendeetan Argentinara eta bereziki Rio de la Platara emigratu zuten euskaldunekin. Egoera latzak bultzatuta milaka euskaldunek alde egin behar izan zuten Amerikara. Argentinako Rio de la Platak horietako asko jaso zituen. Haietako bat zen Jaques-Hippolyte Lesca. Karlistadetatik ihesean edo bizimodu bila zebiltzan euskaldun ugari lehorreratu ziren Rio de la Platako bokalean, bai Uruguaiko hiriburu Montevideo eta baita Argentinako hiriburu Buenos Aires kokatzen diren estuarioan, eta Argentina zabaletik zetozen lehengai joriak lantzeko eskulana beharrezkoa zenez, lanik ez zen falta bizimodua aurrera ateratzeko.

    Lesca, horietako bat izan zen eta aberastu ondoren Euskal Herrira bueltatu eta Getarian Saraleguinea etxea eraiki zuen. Etxea, egun museoaren egoitza, neo-euskaldun estilokoa da eta Frantziako Monumentu historikoen zerrenda sartu dute. Bere garrantzia badu beraz Saraleguineak, garai bateko arkitektura mugimendu eta gizarte baten lekukoa baita. Zabaldu berria den erakusketa euskaraz eta frantsesez dago eta Ameriketatik etorritako indiano batek herrian izaten zuen eragina agertzen du. Erakusketan bertan katalogo bat eskura daiteke, euskaraz eta frantsesez. Bertan, J.-H. Lesca jaunaren eta bere etxearen historia azaltzen da, XX. mende hasierako euskal testuinguruan kokatuz. Katalogo hori Euskal Museoko Adiskideek argitaratu dute Euskal Museoaren Agerkariaren zenbaki berezi bezala eta bertan zenbait kolaborazio biltzen dira, hala nola Arte historialaria den Marie-Claude Bergerenak, Michel Berger arkitektoarenak, Claude Laroche Akitaniako Ondarearen eta Inbentarioaren Zerbitzuko ikerlariarenak eta Etienne Rousseau-Plotto, historialari eta musikologoarenak.

    Erakusketa 14:30etatik 18:30etara dago egunero irekita, astearte eta igandetan izan ezik.



    « aurrekoa
    hurrengoa »

    © 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

    Bera Bera 73
    20009 Donostia / San Sebastián
    Tel: (+34) 943 316170
    Email: info@euskalkultura.eus

    jaurlaritza gipuzkoa bizkaia