euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapurdi barneko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egunerokotasuna azaldu nahi du Kanaldude telebistak

2008/09/29

Kanaldude Telebistaren lan saioa.
Kanaldude Telebistaren lan saioa.

PUBLIZITATEA

Telebista parte hartzailearen premisa xede dutela eta webgunea berrituta hasi dira berriz Kanaldude telebistan lanean, udan bideorik eskaini gabe egon ondoren. Horrek ez du esan nahi geldirik egon direnik, eta irail honetan jarri dituzte dagoeneko euren webgunean sei bideo, horietariko bat Kaliforniako Noka taldeak Euskal Herrira egindako bisita erakusten duelarik. Historia zabala duen internet bidezko telebista honek proiektu frango lituzke buruan, telebista herritarrengana zabaltzeaz gain, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan telebista kate bat sortzea, Lapurdiko kostaldean iada lanean dabilen ITelebistarekin elkarlanean.

Aldude, Nafarroa Beherea. Kanaldude telebistak emankizunei heldu die iraila honetan. Herritarrengana hurbiltzeko xedea izan du betidanik telebista proiektu honek eta orain ere asmo horri heldu nahi dio. Uda amaitu ostean, lanerako gogoz ekin diote denboraldi berriari eta sei bideo ezarri dituzte azken asteotan. Horretaz gain astero hiru bideo plazaratu nahi dituzte, beti ere herritarrengana hurbilduz eta Iparraldeko gizartearen errealitatea erakusteko asmoarekin. Orain arte ezarri dituzten sei bideo horietatik batean Kaliforniako Noka taldeak Aldudera egindako bisita agertzen da. Uztailaren bukaeran egin zuten bidaia Euskal Herrira eta Alduden eskaini zuten azken kantaldia, bideoan zenbait elkarrizketarekin aberastua. Noka taldeak Euskal Herrian egindako egonaldiari buruzko xehetasunak aurkezten dira.

Proiektu frango darabiltzate buruan Kanaldudekoek. Tartean ITelebistarekin, Lapurdiko kostaldean lanean dabilen telebista digitalarekin, Iparraldeko telebista kate bat sortu nahian dabiltza. Lana arras konplikatua da, legeak eskatzen dituen baimenak eskuratzeaz gain, Iparraldeko orografia malkartsuak ez du laguntzen proiektu honen burutzeko. Honi guztiari, estatu frantsesean euskarak duen gutxiengo egoera gehitu behar zaio eta baita teknika aldetik dauden arazoak ere. Erronka abian da alabaina eta hurrengo hilabeteetan aurrerapausoak emango direlakoan dago Ximun Karrere, Kanaldudeko kazetaria, EuskalKultura.com-i agertu dionez.

Kanaldude ekimen eta ekarpen berezia baldin bada, hori herritarrengan hurbiltzeko asmoagatik da. Ximun Karrerek azaltzen duenez, 'platoan grabatu baino nahiago dugu herrietara joan eta bertatik bertara herriko errealitateak bilatu. Laborarien egoera, bertako ekonomiari buruzko erreportaia, kultura... interesatzen zaizkigu'. Urriaren 11ean emankizun berezi bat antolatu du Kanaldudek Luhuson eta herritarren parte hartzea eskatuko da, gero interneteko webgunean zatika ipintzeko. Diasporagatik galdeginik, elkarrekiko hurbiltasuna azpimarratzen du Karrerek, 'badakigu haiek gure egunerokotasuna jarraitzen dutela'.

Kanaldude-ren webgunea: Hemen.

Itelebistaren webgunea: Hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia