euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapridan txalo zaparrada 'Lagunen Etxea'k antolatutako 'Gure herriko pertsonaiak' ikuskizunean, zikloko seigarren saioan

2023/10/31

Jende ugari bildu zen Lapridako Lagunen Etxeak aurkeztutako "Personajes de mi pueblo" ikuskizunean, Gabriel Monferato idazlea, Natalia Fernández eta Leo Vergel aktoreak eta Ramiro Torres musikaria partaide
Jende ugari bildu zen Lapridako Lagunen Etxeak aurkeztutako "Personajes de mi pueblo" ikuskizunean, Gabriel Monferato idazlea, Natalia Fernández eta Leo Vergel aktoreak eta Ramiro Torres musikaria partaide

PUBLIZITATEA

Laprida, Argentina. Publikoa lagun segitzen du Lapridan bertako Euskal Etxea antolatzaile duen 'Elkarrizketa zikloak'. Proposameneko seigarren eta azkenaurreko saioak "Personajes de mi pueblo" (Gure herriko pertsonaiak)" izenpeko ikuskizun eder eta zinez arrakastatsua ekarri zuen. Lapridako zenbait gizon eta emakume gogoratu zituzten funtzio original eta goraipatu batean, Gabriel Monferato idazle, Natalia Fernández eta Leo Vergel aktore lanetan eta Ramiro Torres musikariaren lankidetza bilduta.

Lapridako gizon-emakumeak gogora ekarri zituen Gabriel Monferato idazleak, Natalia Fernandez eta Leo Vergel aktoreek eta Ramiro Torres musikagileak egindako lanak

Aretoa beteta, Laprida herriaren historiako zenbait lagun ospetsu birsortu eta ekarri ziren taulara, kontakizuna, musika eta antzertia uztartu zituen lan original bat medio. Gabriel Monferato idazleak elkarrizketatzen zuen “Misia Lehenaldia” (Natalia Fernández) izeneko fikziozko lekuko atenporalaren eskutik, lapridatar kuttun eta gogoratuak itzuli ziren bizitzara urriaren 14an, larunbat ilunabarrean eskainitako funtzioan Leo Vergelen interpretazioari esker.

Doña Faustina nafarra eta Capandeguy pilotaria

Oholtzara agertzen lehenak immigranteak izan ziren; espainiarrak, italiarrak-eta, eta Euskal Herritik, bereziki Doña Faustina Quintana nafarra eta Mingo Capandeguy pilotaria, ostatu baten jabea. Frontoia eraiki zuen etxe hartako gela batzuk irauten dute oraindik. Ondoren, egunero kalean zeudenak gogoratu zituzten: izozki saltzailea, kale-garbitzailea, eta baita bestelako lanbideetan aritzen zirenak ere; zapatagilea, okina, etxez etxe ibili ohi zen arropa saltzailea, medikuak, erizainak eta merkatariak, besteak beste. Azpimarratzekoa, obran zehar interpretatu zen musika guztia jatorrizko abestiak izan zirela, Gabriel Monferato hitzen idazle eta Ramiro Torres musikagile.

Proposamen interesgarria, agian beste euskal etxeren batek berreskuratzen ahal duena bere herrira egokituta. Lapridakoak prest daude euren eskarmentua partekatzeko

Ikusleek harrera bikaina egin zioten oroitzapen partekatuari, barrea eta emozioa nagusitu ziren gau batean. Aurrekoetan bezala, Euskal Etxeko tabernak zerbitzatutako afariarekin amaitu zen topaketa, ohiko oilasko-kazola bizkaitar erara eta ardo beltzarekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia