euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapridako Lagunen Etxeak bere 35 urteen alde egin du topa Olentzero eta Mari Domingiren bisita jaso zuen festan

2024/12/17

Dantzari txikien taldea, Lagunen Etxearen lehendakari Eduardo Torry, Kantuz talde korala eta Olentzero eta Mari Domingiren bisita
Dantzari txikien taldea, Lagunen Etxearen lehendakari Eduardo Torry, Kantuz talde korala eta Olentzero eta Mari Domingiren bisita

PUBLIZITATEA

Laprida, Argentina. Lapridako Lagunen Etxea EEko kideen urte amaiera bizia izan da, ekitaldiz eta pozez betea. Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen eta, egun horietan amaitu zituzten euskal etxean aurtengo azken tailerrak. Baina abendu honetan baita ere, elkarteak 35 urte bete ditu. Epe honetan goiburu izan dute euren aurrekoak ohoratzea, eta haiek aukeratutako izena ohoratzen tematu dira: "Lagunen Etxea", eta xede izan dute arbasoen kultura transmititzeko eta birsortzeko ate irekiko etxea izatea. Abenduaren 8an ospatu zuten, igande arratsaldez, eta bertan, EEko taldeek urtean zehar dedikazioz egiten dutenaren lagin bat eskaini zieten bertaratutakoei eta, tradizioak agindu bezala, hurrengo urte bikain baten alde egin zuten topa.

Olentzero eta Mari Domingiren kondaira kontatu zitzaien bertaratutakoei, Victoria Canavey-ren ahotsean, eta diplomak banatu EEko irakasle eta bizi arteko bazkideei

Topaketa haurrak protagonista zirela hasi zen. Andrea Bordacahar euren zuzendari, etxeko dantzari txikienen taldeak euren dantzaren emanaldia eskaini zuen, eta Victoria Canaveryk kontatutako Olentzero eta Mari Domingiren kondairaz gozatu zuten. Baina horrekin konformatu gabe, kalera irten ziren, familiekin batera, auzoko kaleetan zehar bi pertsonaien bila, aurkitu zituzten arte. Euskal Etxera itzulitakoan, haurrek txokolateak jaso zituzten, eta baten batek ikatza. Sebastian Aristegi bazkideak pertsonifikatu zuen ikazkina eta Mari Domingi artzainaren paperean Marina Saldain aritu zen.

Mari Domingiren gona estreinatzeaz gain, Marina Saldainek Kantuz-en ahotsak zuzendu zituen igandean. Gogora dezagun korala martxoan sortu zela Lagunen Etxearen baitan. Kantatu zituzten, bertako errepertorio herrikoia, tartean Bachata Rosa, Uno Mismo eta Canción con todos eta, euskaraz, Xalbadorren Heriotzean eta Madalenara (Neskazaharrak). Euskal dantza tradizionala ez zen falta izan, dantzari helduen taldeko zuzendari Martin Adrianek Agurra dantzatu zien bertaratutakoei. Eta ondoren, fandangoa talde osoak. Halaber, Lagunen Etxeko biziarteko bazkideei eta irakasleei esker ona adierazteko tarte bat dedikatu, eta diploma bat eman zitzaien.

 
Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxeko dantzariak

 
Sariak Lagunen Etxeko biziarteko bazkideei eta irakasleei: Silvina Mendioroz, sareen arduraduna; Edgardo Larraza, bizi arteko bazkide den bere alabaren izenean; Marina Saldain, koruko zuzendaria; Rita Marfurt, mus irakaslea; Andrea Bordacahar, haurren zuzendaria; eta Martin Adrian, dantzari helduen zuzendaria.

35 urte hauetan, Lagunen Etxeak hainbat jarduera eta programa garatu ditu, eta hazkunde iraunkorra izan du, funtsezko bi printzipiotan oinarrituta: Euskal Herriaren kultura sustatzea eta Lapridako lurraldearekiko eta bertako elkarte-sarearekiko konpromisoan sakontzea. Oso pozik 2024 emankor batean zehar egindako lanarekin, EuskalKultura.eus-ekin hizketan, zenbait alderdi azpimarratu ditu Lagunen Etxeko lehendakari Eduardo Torryk. Nobedadeen artean, "Kantuz-en sorrera, Euskal Etxearen historiako lehen korua izan baita, pixkanaka euskarazko abestiak sartzen ari dena, dagoeneko gure herrian emanaldi batzuk eginik. Baita asteazkenetako mus klaseak ere, Rita Marfurten eskutik eta partaide gehienak emakumeak dituztela, eta haurren dantza taldea sendotzea ere" adierazi du.

Zorionak, Lagunen Etxea!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia