euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapridako Lagunen Etxea-ko kideek egun osoko ekitaldia antolatu zuten Euskadiko ordezkaria jasotzeko

2011/08/18

Lapridako Lagunen Etxea euskal etxeko kideak Elvira Kortajarenarekin
Lapridako Lagunen Etxea euskal etxeko kideak Elvira Kortajarenarekin

PUBLIZITATEA

Abuztuaren 15ean hasitako biraren baitan, Buenos Aires probintziako Lapridako Lagunen Etxea euskal etxea bisitatu zuen joan den astelehenean Elvira Kortajarena Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkariak. Hirian barrena ibilbide turistikoa egin ondoren, herriko alkatearekin elkartu zen Kortajarena. Iluntzean, berriz, prentsaurrekoa eta hitzaldi bat eskaini zituen euskal etxeko egoitzan. Egun osoko ekitaldia bukatzeko, Lapridako udalak 'Herritar Txit Argi' izandatu du Euskadiren ordezkaria.

Laprida, Argentina. Laprida, Tres Arroyos, Cnel. Pringles, Cnel. Dorrego eta Rio Colorado dira aste honetan Elvira Kortajarena egiten ari den biraren helmugak. Barrualdeko euskal etxeen egoera eta errealitatea ezagutzeko xedea duten bidaia hauetan Argentinako gizatalde euskaldunarekin harremanetan jartzeko aukera du Lakuako gobernuaren ordezkariak. Eta hala izan da Laprida herrian.

Abuztuaren 15ean, arratsaldeko 4etan heldu zen Kortajarena Lagunen Etxea-ra eta bertatik hiriko leku garrantzitsuenak ikustera gonbidatu zuten euskal etxeko kideek. Herriko kostaldea, kanposantua, Los Robles Gizataldeen Plaza eta Salamone-ren lanak bisitatu ondoren alkate Alfredo Ficher eta Viviana Lopez kultur zuzendariarekin bildu zen Gobernuaren ordezkaria. Bileran, ekonomia eta turismoari buruz hitz egin zuten Euskadi eta Lapridako agintariek eta gero opariak eman zizkioten elkarri.

Euskal etxera itzuli ostean, Kortajarena erakundeko kideekin elkartu zen gai instituzionalez mintzatzeko. Azpibatzordeetako arduradunek arlo bakoitzean garatzen ari diren proiektuak aurkeztu zizkioten ordezkariari: gazteen taldearen izenean, Lisandro Corriente; liburutegiaren izenean, Maria Ester Arrondo; sukaldaritzan, Alba Galetti; musean, Edgardo Larraza; pilotan, Eduardo Martin; dantzan, Martin Adrian; kultur arloan, Alicia Mendioroz eta Arturo Campion Ikasgunearen izenean, Cesar Arrondo irakaslea.

Elvira Kortajarena Lapridan 2011 01

[Elvira  Kortajarenak eta Tomas Fernandez de Barrenak lore sorta utzi zuten euskal haritzaren oinarrian]

Iluntzeko 7etan, prentsaurrekoa eskaini zien Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Laprida bertako hedabideei eta 7:30etan Euskadiri buruzko hitzaldi bat eman zuen bildutako publikoarentzat. Mintzaldia bukatuta, herriko Kultur zuzendari Viviana Lopez-ek Kortajarena 'Hiritar Txit Argi' izendatzen zuen dekretua irakurri zuen.

Kortajarena Lapridan 2011 02

[Maria Ester Arrondo, Elsa Eyherabide, Susana Igartua, Lorena Zabala, Elvira  Kortajarena eta Martin Adrian]

Ekintzekin bukatzeko, eta afaldu aurretik, Elvira Kortajarenak eta Tomas Fernandez de Barrena euskal etxeko lehendakari ordeak lore sorta utzi zuten Gernikako kimuaren oinarrian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia