euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapridako Euskal Etxeak “Euskadiko kaleetan ibiliz” ikuskizuna aurkeztu zuen bertako antzoki batean

2008/12/19

Laprida eta Coronel Pringles-eko euskal dantzariak ikuskizunaren amaieran
Laprida eta Coronel Pringles-eko euskal dantzariak ikuskizunaren amaieran

PUBLIZITATEA

Yanina Salaren gidaritzapean, Laprida eta Coronel Pringleseko euskal etxeetako dantza taldeek ikuskizun berezia eskaini zuten elkarrekin Lapridako ‘Teatro Hispano-Argentino’ antzokian. Auzo diren bi herri hauek indarrak batu zituzten ezohiko ikuskizuna aurkezteko. Dantzarien jira-birekin tartekatuta, aretora bildu ziren berrehun bat ikusleek Euskal Herriko hamaika bazterretako argazkiak ikusi ahal izan zituzten. Ekitaldiak lortu arrakastak animatu egin du taldeon zuzendaria datorren urtean ere elkarrekin lanean jarraitzera.

Laprida, Argentina. Urtean zehar ikasitako dantza guztiak erakutsi zituzten Laprida eta Coronel Pringleseko euskal dantzariek “Euskadiko kaleetan ibiliz” ikuskizunean. Berrehun bat lagunen aurrean, berrogei dantzari aritu ziren Yanina Sala bi dantza taldeen zuzendariak prestatutako muntaian. Izan ere, Sala dantza eskolak ematen aritu da auzo diren Laprida eta Coronel Pringles herrietan. Bi taldeetan adin tarte handiko dantzariak daude, bostetik hamazortzi urte artekoak, eta elkarrekin aurkeztu ziren Lapridako 'Teatro Hispano-Argentino' delako antzokian.

Yanina Salak berak EuskalKultura.com-i azaltzen dionez, “Lapridako taldeko dantzari txiki eta ertainak hasi berriak dira. Helduek, berriz, zortzi urte bederen ba daramatzate dantza kontuetan. Eta dantzari ohien laguntza daukagu. Coronel Pringles-i dagokionez, aurten hasi naiz klaseak ematen bertan. Taldea oso gaztea da,  urte hasieran ekin genion lanari eta primeran ibili gara. Aurrerapen handia nabaritzen zaie”, kontatzen du.

Lankidetza emankorra Laprida-Coronel Pringles artean

Lapridako dantza irakasleak bi taldeak elkarrekin ipini zituen lanean eta urteko asteburu guztietan biltzen joan dira Laprida edo Pringlesera, entseatzeko. Ahalegin horren etekina Lapridako antzokian ikusi ahal izan zen aipatzen ari haren emanaldian, azaroaren 15ean. Dantzaldian, Aurresku, Zapatain dantza, Fandango, San Petrike Dantza, Arco de las flores, Kuadrille, Kuadrilla, Mascarada zuletina, Txulalai, Abaltzisketara, Arcos mixtos eta Makil txikiena dantzatu zituzten.

Publikoak bete egin zuen antzokia eta dantzak ikustearekin batera ezagutu ahal zituen Euskadiko hainbat leku, kale, balkoi, katedral eta paisaia, bertan osagai grafiko gisa proiektatu ziren argazkiak medio. “Jendea oso gustura geratu zen ikuskizunarekin eta animoak eman zizkigun datorren urtean jarrai dezagun. Esan beharra dago, bestalde, dantzaldi osoa filmatuta dagoela eta DVD batean ikusgai egongo dela gainerako euskal etxeetan ikusi eta bailatu dezaten, laburbiltzen du zuzendariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia