euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxeak kultur lehiaketa bat antolatu du bere 18. urteurrena ospatzeko

2007/11/12

Maria Ester Arrondo, elkarteko liburuzaina, aurreko edizioetako irabazle batekin
Maria Ester Arrondo, elkarteko liburuzaina, aurreko edizioetako irabazle batekin

PUBLIZITATEA

Euskal Etxearen sorreratik ia hogei urte igaro eta gero, elkarteko Eusko Txokoa liburutegiak gazte eta nerabeei euskal gaien inguruko lehiaketan parte hartzeko gonbitea luzatzen die. Irabazleen izenak Euskararen Egunaren (abenduaren 3a) segidan adieraziko dituzte, elkartearen urteurrena baita. Sariak liburuak eta Lapridako Arturo Campion Ikasketa Zentruko 'Guregandik' aldizkariaren 3. alea izango dira. Parte hartzea oso erraza da: jarraian aurkezten dugun galdetegiari erantzun behar zaio eta hilaren 30a baino lehen e-mailez edo postaz bidali.
Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxeak bere hemezortzigarren urteurrena ospatzeko lehiaketa antolatu du elkarteko Eusko Txokoa liburutegiaren bitartez. Lehiaketa euskal gaien ingurukoa da eta arduradunek azaldu dutenez deialdia irekia da. Interesa duen edonork parte hartu dezakeen arren, ordea, "bereziki nerabe eta gazteei zuzendua da eta bigarren hezkuntzako eta barrutiko eskola polimodalei ere parte hartzeko gonbitea luzatu diegu".

Lehiaketan parte hartzeko Euskal Herriarekin zerikusia daukaten hamar galderari eman behar zaio erantzuna. Sariak gazteentzako liburuak eta 'Guregandik' aldizkariaren 3. alea izango dira (Lapridako Arturo Campion Ikasketa Zentruko argitalpena da 'Guregandik'). Sariak galderak ondo erantzuten dituztenen artean zozketatuko dituzte, beti ere adin mailen araberako multzotan. Irabazleen izenak abenduaren 3tik aurrera, elkartearen urteurrenean jakin araziko dituzte. Sarien banaketa Euskal Etxean, bazkideen topaketa batean egingo dute edo bestela Arturo Campion Ikasketa Zentruko irakasleen bidez. Sarituak hiritik kanpo bizi baldin badira, sariak posta bidez jasoko dituzte.

Hilaren 30a bitartean erantzunak bidaltzeko epea

[Goiko irudian María Ester Arrondo aurreko edizioetako irabazle batekin (argazkia Lagunen EtxeaEE)]

Erantzunak bidaltzeko epea azaroaren 30ean amaituko da. E-mailez ez ezik ohiko posta bidez ere bidali daitezke erantzunak, helbide honetara: Pedro Pereyra kalea 1418 (7414) , Laprida, Buenos Aireseko Probintzia. E-mail bidez, berriz, hona edo hona. Helbide hauetan zalantzak argitu eta informazio osagarria ere emango dute.


HAMAR GALDERAK

Jarraian lehiaketan parte hartzeko galdetegia. Erantzunak dakizkizutela? Idatzi bada, azkar!

1) Duela 70 urteko apirilaren 26ko jazoera, Bizkaiko herri euskaldun baten suntsipena ekarri zuena.
2) Hegoaldeko 4 probintziak edota erromatar aurreko 4 tribuak adierazteko erabiltzen den ikurra.
3) Azaroan 2007ko Mus Txapelketa Mundialaren egoitza izango den Argentinako hiria.
4) Ama Birjina (irailaren 9a da bere eguna), bizitzako zailtasunen aurrean harengana jotzen dugu.
5) 'Día de la Patria Vasca', Bazko Igandean izaten dena (euskeraz).
6) Frontoi edo trinketean jokatzen den kirola, Bs As-eko probintzian txapelketa bat dago.
7) Bere esanahia bandera da, eta bere eguna uztailaren 14a.
8) Idatzi euskaraz ondorengo izenak: Maria, Natividad, Ignacio, Javier.
9) Lapridako Arturo Campion Ikasketa Zentruko aldizkariaren izena.
10) Nazioko Ingurune eta Garapeneko Idazkaritzak, Euskadik, Udalek eta 12 Euskal Etxe eta Eskolek eginiko Ingurugiro Hezkuntzari buruzko proiektua.


Lotura interesgarriak

'Centro de Estudios de la Cultura y el Nacionalismo Vasco', Laprida
http://www.arturocampion.com.ar

Lagunen Etxeko dantzaria Ihauterietako printzesa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia