euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapridako Eyherabide-Martin bikotea Argentinako ordezkari asteburuan Donostian hasiko den Munduko 39. Mus Txapelketan

2016/10/07

Lapridan jokatu ziren Mus Txapelketetako finalistak (argazkia Arantxa Zubillaga)
Lapridan jokatu ziren Mus Txapelketetako finalistak (argazkia Arantxa Zubillaga)

PUBLIZITATEA

Laprida izan da aurten Argentinan bertako Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza eta Laprida bertakoak izan ziren irabazle. Macachingo bikoteari finala irabazi ondoren, Alejandro Eyherabide eta Eduardo Martin lapridatar bikoteak bereganatu zuen txapela eta ateburu honetan hasi eta urriaren 16ra bitartean Donostian jokatuko den Euskal Gizataldeen 2016ko Munduko Mus Txapelketan Argentina ordezkatuko dute.

Laprida, Argentina. Abuztuaren 13tik 15era izan zen aurten Argentinako Mus Txapelketa Nazionala, Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxea antolatzaile. Hiru egunetan zehar, bi lehiaketa jokatu ziren Lapridako Klub Sozialean: ‘Tito Merzdorf Gortari’ izenpean, Txapelketa nagusia; laguntzaileentzat antolatutako lehiaketa, ordea, ‘Renee Iriarte’ izenarekin bataiatu zuten anfitrioiek.

Nazionalari dagokionez, 19 bikote aurkeztu ziren –17 euskal etxeren izenean– eta irabazleak Alejandro Eyherabide eta Eduardo Martin lapridatarrak izan ziren. Emaitza honekin eta Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko bikotea bigarren postuan utziz, Eyherabide eta Martin izango dira Argentinako ordezkariak urrian Donostian izango den Euskal Gizataldeen 2016ko Munduko Mus Txapelketan. Aipagarria da bikotearekin batera, Edgardo Larrasa delegatuak ere bidaiatuko duela.

Laguntzaileentzako txapelketan, ordea, 30 bikotek hartu zuten parte. Irabazleak Oliva-Totorikaguena rosariotarrak izan ziren.

Hiru eguneko jaia

Txapelketaz gain, “hiru egun eder” bizi izan zituzten etxekoek eta gonbidatuek erakunde anfitrioiek antolatutako ekintzei esker. Izan ere, aktibitate ugari egin ziren, mota askotakoak gainera. Programaren lehenengo egunean, hau da, abuztuaren 13an, Guregandik liburua aurkeztu zuten Arturo Campion Ikasguneko kideek. Afariaren ostean, eta gaua alaitzeko dantza emanaldia eskaini zieten etxeko dantzariek gonbidatuei. Biharamunean, abuztuaren 14an, eta jaiarekin segitzeko, humorezko show-ak, erromeriak, eta musika ikuskizunak osatu zuten gaueko programa. Astelehenen, agur bazkari eta sari-emanaldiaren itxi zuten ekitaldia anfitrioiek.

Lagunen Etxea Euskal Etxeko ordezkari den Edgardo Larrazak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Hiru egun paregabe pasatu genituen, lagunez inguratuta. Azpimarratzekoa da etorri zen jendearen kantitatea… normalean hau bezalako hitzorduetan, 70 bat lagun biltzen dira, eta hona, guztira, muslariak eta laguntzaileak, 150. Oso pozik gaude batez ere bisitariak oso ondo pasatu zutelako”.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia