euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laprida: larunbat honetan “Amets eginarazi zigun musika”, Lagunen Etxearen elkarrizketa zikloko bosgarren saioa

2023/09/21

Joaquin Bordaçahar pianista lapridarra elkarrizketatuko du Esteban Aguinalde orkestra zuzendariak Lagunen Etxean datorren larunbatean
Joaquin Bordaçahar pianista lapridarra elkarrizketatuko du Esteban Aguinalde orkestra zuzendariak Lagunen Etxean datorren larunbatean

PUBLIZITATEA

Laprida, Argentina. Buenos Aires probintziako Lapridan jaioa, Joaquín Bordaçahar, Lagunen Etxeko bazkide izateaz gain, piano-jotzaile argentinar nabarmena da. Gaztetxo zela hasi zen jasotzen beka eta sariak Argentinan zein nazioartean, eta hainbat jaialdi eta kontzertu-ziklotan parte hartutakoa da. Datorren larunbatean, irailaren 23an, Lapridako Euskal Etxera 19:30etan bertaratzen direnek musika klasikoaren interpretazioan duen birtuosismoaz gozatu ahal izango dute, eta bere bizitzan sakonduko. Esteban Aguinalde orkestra-zuzendaria izango du solaskide eta, elkarrekin, “Amets eginarazi zigun musika” jorratuko dute.

Mintzaide izango duen Esteban Aguinalde, bere aldetik, Musika Hezkuntza eta Musika Kultura irakaslea da Buenos Aires hiriko eskoletan. Musikan lizentziatua eta Orkestra Zuzendaritzan espezializatua, Turdera herriko Leipzig Ganbera Orkestrako zuzendaria izan zen eta 2006tik 2008ra Lomas de Zamorako Sibelius Ganbera Orkestrakoa. Orkestra honekin 2006an eta 2007an gazte orkestra topaketa nazionaletara aurkeztu zen.

Euskal Etxera hurbiltzen direnek bi musikarien arteko solasa segitu ahal izango dute euren ibilbide eta ikuspuntuez, zuzeneko interpretazioak lagun

Lagunen Etxeko 2023ko Elkarrizketa Zikloaren baitan, "prestakuntza eta ibilbide ezberdina duten" Joaquín Bordaçaharrek eta Esteban Aguinaldek "nolatan eta zergatik aukeratu zuten direna izatea kontatuko digute, zein izan zen amets eginarazi zien musika eta zerk bultzatu zituen bizitzan adierazpide hori hautatzera", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Lapridako Euskal Etxeko erreferente eta zikloko koordinatzaile den Silvia Azpiazuk. Gainera, elkarrizketa zuzeneko interpretazioekin aberastuko dute.

Sarrera libre eta kitorik

Jarduera irekia eta doakoa da, eta amaitutakoan, ohi bezala, bertaratutakoen oilasko kazola bizkaitar erara partekatuko dute, ardo beltz batek egoki lagunduta, guztia Euskal Etxeko Sukaldaritza Taldeko kideek maitasunez moldatua.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia