euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lantziegoko gazte ardogile talde bat Mendozan, Argentinan, izan da Denak Bat Euskal Etxearen laguntzaz

2007/04/27

Gazte arabarrak Mendozan (argazkia Mendoza EE)
Gazte arabarrak Mendozan (argazkia Mendoza EE)

PUBLIZITATEA

Lantziego herri arabarrak eta Argentinako Mendozak harreman estua dute ardoaren industriarekin eta ezaugarri hori oinarri hartuta Denak Bat Euskal Etxeak bi lekuetako gazteak elkartu dituen trukaketa programa bat bultzatu du. Apiril hasieran Lantziegoko 22 neska-mutil Argentinan izan dira, bertako gazteek gidatuta Mendozako ardo industria ezagutzeko asmoz. Abuztuan euskal argentinar gazteen txanda helduko da eta Lantziegora bisitaldia egingo dute.
Arabar taldea, Lantziegoko 18 eta 25 urte bitarteko 22 neska-mutilek osatua, joan den apirilaren 4an heldu zen Mendozara. Beraiekin batera Alfonso González, Lantziegoko alkatea; Yolanda Zabala zinegotzia eta Errexal enpresako Josu Montes etorri ziren. Mendozan Denak Bat Euskal Etxeko gazte talde batek hartu zituen, bisitaldian gidari lanak egiteko. Trukearen hazia 2006ko urrian landatu zen, Denak Bateko kide Javier Salvarredik BasqueHeritage.com-i azaltzen dionez, 'Xabier Sánchez Roblesek, Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak, Euskal Etxera egin zuen bisitaldian. Orduan Mendoza eta Euskal Herriko gazteen artean trukeak egiteko aukera aipatu zen. Lotura, euskal kulturaz gain, ardoa izatea erabaki zen'.

Gauzak horrela, Mendozako Euskal Etxeak bere arteko 22 gazte aukeratu zituen anfitrioi lanak egiteko. Gazte hauek euren etxean hartu zituzten kide euskaldunak eta egonaldian egin ziren bisita eta ekitaldien egitaraua antolatu zuten. Maipú eta Junín herrietara bisita egin zuten, txango turistikoak Andeetara, museoetara... 'eta jakina, ardoarekin zerikusia duten Mendozako tokiak ere bisitatu zituzten'.

Ezagutzak trukatu

'Programaren helburuetako bat ardoaren munduaren inguruko ezagutzak trukatzea izan da eta gazteek maila tekniko, teoriko eta komertzialetan lana egitea', azaltzen du Javier Salvarredik. 'Era berean lagunarteko harremanak sortzeko aukera ezinhobea izan da. Euskal gazteek gure kultura bizitzeko aukera izan dute eta Diasporako gazteek ere euskal sentipen hori piztu ahal izan dute'.

Bi aldeen arteko harremana oso aberasgarria izan da eta Mendozako bisita Denak Bat Euskal Etxean egindako erromeria batekin bukatu zen, joan den apirilaren 12an. Lantziego eta Mendozako 50 bat gazteez gain, argentinarren guraso eta familiak eta euskal etxeko arduradunak izan ziren bertan, giro ederrean bidaiaren lehen parte honi bukaera emanez.

[Goiko irudian Mendoza eta Lantziegoko gazteak Denak Bat Euskal Etxean (argazkia MendozaEE)]

Abuztuan argentinarrak Euskal Herrira

Programaren bigarren partea abuztuan helduko da Mendozako gazteek Lantziegora egingo duten bidaiarekin. Euskal argentinarrek Arabar Errioxako ardo industria gertuagotik ezagutu eta Euskal Herria ikusteko aukera izango dute orduan. Programa bukatu ondoren sustatzaileek hausnarketa egingo dute eta datorren urtean ere antzeko programa bultzatzeko aukerak aztertuko.

Azken jarduera honen osagarri, uztailean, Leioako Txakolinaren Museoan, Mendozan egindako produktuen erakusketa egingo da: ardoak, oliba olia, eztia... Produktu hauen egileak enpresa familiarrak dira, marketing handiaren laguntzarik ez dutenak baina euren produktuen kalitatean sinetsiz nonahi erakutsi eta dasta arazteko prest daudenak.


Lotura interesgarriak

Ordiziako Santa Ana koralak Mendozan abestuko zuenekoa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 7an

Denak Batek Mendozako kaleetara atera zituen euskal aireak
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abuztuaren 18an

Mendozako Euskal Etxeko ordezkariak bisita EuskalKultura.com-era
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abuztuaren 7an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia