euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lantz-eko inauteriak Cordobako kaleetara heldu dira 'Gerora' Elkarteko dantzari eta musikarien eskutik

2011/03/08

'Gerora' Elkarteko kideek Cordobako inauterietan hartu dute parte
'Gerora' Elkarteko kideek Cordobako inauterietan hartu dute parte

PUBLIZITATEA

Munduan zehar eta herri anitzetan ospatzen ari dira Inauteriak. Euskal Herrian jai honen espiritua urtero biziberritzen da eta mozorro, kolore eta musika tresna tradizionalek kaleak hartzen dituzte, bazter guztiak alaituz. Argentinan, Hego Amerikako ohituren kutsua du jai honek eta murgek eta Afrikatik etorritako esklaboen soinuek edertzen dituzte konpartsa eta karrozak. Hala ere, eta euskal etxeei esker, Argentinako zenbait herritaraino heltzen da Euskal Herriko Inauterietako oihartzuna. Cordoba hirian, Txotx! Dantza Taldeak eta Baietz Taldeko musikariek Lantz-eko inauteria erakutsi zieten euren herritarrei.

Cordoba, Argentina. “Caprichoso Rejunte” izeneko murgak gonbidaturik, joan den martxoaren 5ean, Inauterien bezperan, Cordoba hiri argentinarreko Txotx! Dantza Taldeak eta Baietz Musika Taldeak bertako inauterietan hartu zuten parte.

Sarmiento Plazan, 'Gerora' Elkarteko neska-mutilek Lantz-eko pertsonaiak aurkeztu zizkioten bildutako publikoari, bertaratutakoen jakin-mina eta interesa piztuz. Nafarroatik ez oso hurbil, Miel Otxin, Zaldiko, Arotz, Ziripot eta Txatxoak Cordoban ere gailendu ziren herriko kabalkadan, txistu eta danbolinaren ahotsek lagunduta. 

Gerora Elkartea Cordoba hiriko inauterietan 2011 01

['Gerora'-ko neska-mutilak Miel Otxin erretzen]

Dantza bukatu ondoren, 'Gerora'-ko kideek Miel Otxin-en figura erre zuten jendearen txaloa eraginez. “Jai ederra izan da eta komunitate osoarekin konpartitu ahal izan dugu”, azaldu diote 'Gerora'-koek EuskalKultura.com-i. “Gure gazteen sormenari eta lanari esker lortu dugu Lantz-eko inauteriak Cordobara ekartzea eta horrekin lotuta, Euskal Herriaren ezohiko irudia erakutsi ahal izan dugu. Euskaldunen eta argentinarren kulturak hurbiltzea da gure asmoa eta uste dugu bide onean gabiltzala”, adierazi dute Cordobako elkarte berri honetako arduradunek.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia