euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Landarbaso korala AEBtara joango da hil bukaeran; San Frantziskoko Basque Cultural Center-en abestuko dute

2007/06/12

Errenteriako Landarbaso koru gipuzkoarreko kideak euren emanaldietako batean (argazkia Landarbaso)
Errenteriako Landarbaso koru gipuzkoarreko kideak euren emanaldietako batean (argazkia Landarbaso)

PUBLIZITATEA

Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso abesbatza Kaliforniako San Luis Obispo herrian izango da hilaren 28an, bertako California International Choral Festival and Competition delako elkarretaratzean parte hartzeko. Filipinak, Finlandia, Uganda eta AEBetako koruak izango dituzte kantukide Ameriketara egiten duten lehen bisitaldi honetan errenteriarrek. Uztailaren 6an San Frantziskoko Basque Cultural Center-en izango dira, elkarteko euskaldunentzako emanaldi berezia eskainiz.
Errenteriako Landarbaso abesbatza Estatu Batuetara joango da datorren hilaren 28an, Kaliforniako San Luis Obispo herrian egingo den Nazioarteko Koru Lehiaketan parte hartzeko. Lehiaketa honetan hainbat herrialdetako koruekin egingo dute topo gipuzkoarrek: Filipinas, Finlandia, Uganda eta Estatu Batu bertatik heldutakoekin, hain zuzen ere. Lehiaketako errepertorioan kantu polifoniko eta askeak abestuko dituzte, eta baita euskal folkloreko zenbait pieza, horien artean Loriak Udan eta Phartitze Trixte Huntan.

Berrogeita hamar bat lagunen taldeak egingo du bidaia, koruko kideak eta haien ahaideak kontuan izanik, Landarbasoko zuzendari Iñaki Tolaretxipik BasqueHeritage.com-i agertu dionez. Korua San Luis Obispon izango da ekainaren 28tik uztailaren 1a arte, eta ondoren egun batzuk Kalifornian bidaiatzen emango ditu. Bidaiari bukaera emateko, uztailaren 6an Landarbasoko kideek San Frantziskoko Basque Cultural Center-en emanaldi berri bat eskainiko dute. 'Oraingo honetan euskal folklorea izango dugu oinarri eta emanaldian txalapartari eta dantzariak gehituko dizkiogu koruari', azaltzen du Tolaretxipik. Kontzertu hau BCC-k antolatu duen anaitasun afari baten ostean izango da, elkarte kaliforniarreko lehendakari Xabier Berruetak gure buletinari baieztatu dionez.

Ahalegin handia abeslari gipuzkoarrentzat

Bidaiaren antolakuntza ahalegin ekonomiko handia izan da Landarbasoko kideentzako. Horrexegatik, gipuzkoar kantariek oso gogo biziz ekin diote Kalifornia alderako bidaiari, Ameriketara egiten duten lehena, bestalde. Debuta izango dute baita euskal Diasporaren aurrean eta taldeko kideek emanaldia arrunt berezia izango dela daude sinetsita. [Ezkerreko irudian Landarbasokoen beste emanaldi bat, oraingoan estilo tradizionalagoan, txalaparta eta dantzariek lagunduta (Landarbaso argazkia)]

Landarbaso abesbatzak aurten argitaratu du bere lehenengo CDa, 'Hazia... Hezia... 15 urtez hazia hazten, hezten' izenburuarekin. Hamabi kantu biltzen ditu lanak, eta musikagile guztiak, Sergei Rachmaninov erromantikoa ezik, garaikideak aukeratu dituzte. Lau kantu euskal folkloreko abesti tradizionalak dira eta beste bost euskal musikagileen lanak dira. Gainerakoak Errusia, Frantzia, Lituania, Hungaria, Venezuela eta Estatu Batuetakoak dira. Mila ale plazaratu dituzte eta 15 eurotan eros daitezke Landarbaso koruaren web gunean.


Lotura interesgarriak

California International Choral Festival and Competition
www.californiachoral.org

Landarbaso Korua
www.landarbaso.com

San Francisco Basque Cultural Center, S. San Francisco, CA
www.basqueculturalcenter.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia