Buenos Aires, Argentina. 1929an sortua, Gure Echea Euskal Argentinar Klubak 95 urte bete zituen joan den abuztuaren 10ean, kirola eta pilotarekiko duen pasio eta engaiamendu irmoaren erakusgarri. Egunero partekatzen du bere grina pilotazalea euskal etxe zaharrenetako trinketeetan aritzen diren hainbat pilotarirekin. Aurten, bere urteurrenaren baitan, erakustaldiak egin ditu, Argentinako xare selekzioaren entrenamendugunea izan da eta txapelketa ugari egin ditu. Euskal elkarteen lagun arteko pilota sustatzeko asmoz, azaroaren 22an, ostiralez, Euskal Etxeen Pilota Txapelketa antolatu zuten euren egoitzan. Sei bikote neurtu ziren, Gure Echea anfitrioi, jokokide zituela Rosarioko Zazpirak Bat, La Platako Euzko Etxea eta Buenos Aires hiriko Laurak Bat, Nafar Etxea eta Iparraldeko Euskal Etxeko ordezkariak, Iparraldekoko ordezkariak txapeldun geratuz.
Izan ere, joko maila altuarekin, Franco Landaburuk eta Agustin Elizaldek bereganatu zuten Euskal Kluben Kopa, Laurak Bateko ordezkari ziren Claudio Rodríguez eta Feliciano Rodríguez-i gaina hartuta. La Platako Euzko Etxearen izenean, Tomás Clúa eta Juantxi Yacomini aritu ziren, eta Alberto Ríspoli eta Silvio González, Nafar Etxeko. Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko pilotari taldea Xabier Aguirrek, Aitor Aramayok eta Juan Pablo Esnalek osatu zuten, eta Gure Echearen izenean, Gabi Guzmán eta Federico Chiesa aritu ziren lehian.
Txapelketako finalaren ostean, jokalari eta lagunek afaria partekatu zuten Gure Echea klubean
Euskal Kluben Txapelketa aspaldi jokatzen da Buenos Aires hiriko euskal etxe partaideetan, egoitza txandakatua. Iaz Iparraldeko Euskal Etxean lehiatu zen, eta azkenaurreko edizioa, Nafar Etxean. "Aurten Mar del Plata, Rosario, La Plata eta Necocheako euskal etxeak gonbidatu ditugu, eta oraingoan La Platako Euzko Etxekoak eta Rosarioko Zazpirak Batekoak etorri ahal izan dira. Datozen urteetan deialdi zabalduari eusteko asmoa dugu, Laurak Bat Euskal Etxean egingo den Koparen hurrengo edizioan ere parte hartzeko aukera izan dezaten", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Gure Echea elkarteko idazkari Bernardo Dupuyk.