Necochea, Argentina. Presarik ez, ezta pausarik ere, 2023ko Euskal Aste Nazionala amaitu ondoren, Necocheako Euzko Etxea udako bi ekitaldi handi antolatzen hasi da dagoeneko: Gizataldeen Jaia eta San Sebastian Eguna. Gizataldeen Jaiaren hurrengo edizioa, ohi bezala Miguel Lillo parkean izango da, 2024ko urtarrileko hirugarren asteburuan, esan nahi baita ostiraletik igandera, 19tik 21era bitartean. Ondoko asteburuan, 26 eta 27an, ostiral eta larunbata, Euzko Etxeak, urtero legez, Donostiako zaindariaren jaia ospatuko du.
“Hemen, Necochean, Gizataldeen Jaia oso garrantzitsua da, guretzat bereziki parkean hiriko gainerako gizatalde guztiekin partekatuko dugulako”, aitortu dio Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillagak EuskalKultura.eus-i. Hiru gauetan zehar, Jaiaren hogeigarren edizio berezi honetan, beste artista askorekin batera, Gazte Alai taldeak dantza ikuskizuna taularatuko du eta, baserriko itxura duen txoznan, Euskal Etxeko lagunek prestatutako janari tipikoak eskainiko dituzte.
Erromeriak eta danborrada
Ondoko asteburuan, San Sebastian eguneko egitarau tradizionalari eutsiz, euskal gizataldea Euzko Etxean bilduko da ostiral gaueko erromerian. Larunbat iluntzean, 2024an zehar aginte makila noren eskuetan egongo den jakinarazi behar dute. Alkate berria aukeratu ondoren, hainbeste espero den danborrada iritsiko da, inguru zabal bateko euskal etxe askotako lagunak partaide. Jarraian, bigarren erromeria hasiko da, zalantzarik gabe fandango, arin-arin eta alaitasun handiz.
Aupa San Sebastian eta Necochea!