euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lan handia eta planteamendu berriak gazteei zuzendutako FEVAren “Haztearren, gogoeta” jardunaldietan

2016/03/24

FEVAren “Haztearren, gogoeta” jardunaldietako aktibitate bat (argazkia Tomas Cozzi Barquin)
FEVAren “Haztearren, gogoeta” jardunaldietako aktibitate bat (argazkia Tomas Cozzi Barquin)

PUBLIZITATEA

Hogeita hamarretik gorako gazte bildu ziren Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean Federazioak antolatutako jardunaldietan parte hartzeko. Bai antolatzaileek bai partaideek aktibitatearen oso balantze oso ona egin zuten; antolatzaileek gazteen engaiamendua azpimarratzen dute; euskal etxeetako ordezkariek, berriz, Federazioko agintarien kezkak entzuteko jarrera ona.

Mar del Plata, Argentina. Martxoaren 12 eta 13an izan zen tailerra, Denak Bat Euskal Etxeko instalazioetan eta Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-eko Ana Idigoras psikopedagogoa koordinatzaile. Bi eguneko jardunaldietan, mota askotako ekintzak egin behar izan zituzten gazteek, guztiak oso helburu argi batekin: FEVAren funtzioa zein den eta Federazioaren eta euskal etxeen arteko komunikazioa nola hobetu aztertzea.

Izan ere, komunikazioa izan zen gehien aipatu zen hobetzeko puntu bat, FEVAren partetik eta baita euskal etxeetako batzordeen partetik ere. “Euskal etxe askotako ordezkariok  aipatu dugu sentitzen dugula informazio eta komunikazio eza. Ea FEVAk bide zuzen bat izan behar duen gazteekin harremanetan jartzeko ere planteatu dugu, batzuetan informazioa euskal etxeetara iristen delako eta batzordeek ez dutelako zabaltzen. Lan handia egin behar da hori konpontzeko baina FEVAko agintariak oso ireki azaldu ziren gure kezka entzuteko. Izan ere, tailerra bukatu eta gero Facebook kontu berri bat ireki dute (FEVA)”, azaldu diote EuskalKultura.com-i Zingirako Euskaldunak-eko Paula Berasainek eta Euskaltzaleak-eko Estefania Abasolok.

Aktibitateei dagokienez, taldeka egin ziren eta “oso ona elkar ezagutzeko”, jakinarazi digu Paula Berasainek. “Galdera batzuk erantzun behar izan genituen, dramatizazioak eta etorkizunari begirako proposamena eta topaketaren balantzea egin genituen. Lan bizia eta oso emankorra. Iazko Gaztemundu programan egindakoa bezalakoa baina askoz trinkoagoa, bi egun zirelako. Uste dut oso abiapuntu ona izan dela etorkizunari begira gazteen eta FEVAren arteko harreman estuagoak lortzeko”, ondorioztatu du Chascomustarrak.

Euskal etxeetako gazteen arteko loturak

Euskal instituzioetako neska eta mutilen arteko komunikazioa ere landu zen elkarretaratzean eta arlo horretan ere izan zen arrakastatsua proposamena. Buenos Airesko Laurak Bat-eko ordezkari den Ayelen Artuchek adierazi digunez, “Oso interesgarria izan da aspalditik ezagutzen nituen lagun batzuekin beste era batean erlazionatzea. Dantzari izanik, dantza izan zen beti gure ‘topagunea’ baina orain komuneko beste gauza asko ere baditugula ohartu gara. Oso izan zen topaketa, partaideen eta FEVAkoen engaiamendua begi bistan geratu da, koordinazioa primerakoa eta ziur nago gauza oso onak aterako direla etorkizunean”.

Rosarioko Zazpirak Bat-eko Alejo Contik ere azpimarratu zuen beste hainbat euskal etxetako ordezkariak entzuteko aukera izatea ona dela: “Interesgarria da Diasporari buruzko beste iritzi batzuk entzutea. Batez ere, beste gazteen ustez, euskal erakundeen funtzioa zein den ezagutzea. FEVAri buruz asko ikasi genuen eta aipagarria iruditzen zait FEVAko agintariek gure iritziak entzuteko izan zuten joera”.

FEVAren balantzea

“Berriro ere frogatu ahal izan dugu gazteek konpromiso eta lan egiteko gogo handia dutela. Euskal etxeetako batzordeen esku dago orain haien partaidetza bideratu eta erraztea”, adierazten dute Federaziotik. Tailerraren arrakastagatik, Ana Idigorasi eta Denak Bat Euskal etxeari ere eskertzen diete FEVAkoek, eta jakina, euskal etxeetako ordezkariei. Hona, partaideen zerrenda: San Nicolasko Fernando Ocariz eta Luca Massimi; Lapridako Martina Larraza Azpiazu; Pergaminoko Ana Claro Franco eta Sofia Irusta; Olavarriako Milagros Lujan eta Pedro Furrer; Necocheako Marcial Agostini Zubillaga eta Ainhoa Agostini Zubillaga; Tres Arroyosko Gisela Loureyro eta Sara Urbieta; Villa Mariako Florencia Deniz; Jose C. Pazeko Iris Villada; Rosarioko Maria Eugenia Iribarren eta Alejo Conti; Buenos Aireseko Laurak Bateko Maria Belen de Aguirre, Agustin Greaves, Mailen Crudo Arza, Ayelen Artuch eta Tomas Cozzi; Cañuelasko Jimena Bengochea eta Marina Echegaray; Chascomuseko Paula Berasain eta Lucia Maruedo; Arrecifesko Nancy Cardenas; Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko Estefania Abasolo eta Renzo Bustos; Bahia Blancako Lara Barraza, Edurne Gil Irazusta, Graciana Koheler eta Manuel Irastorza; Chivilcoyko Nidia Ibañez eta Mar del Platako Maria Luz Vicente.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia