Badator New Yorkeko euskal festa alai eta bizienetako bat, Txikito jatetxeak antolatzen duen Txikifest txakolinaren azoka. Kalean egiten da festa, Eder Montero bilbotarraren Txikito jatetxearen atzealdean eta egunean zehar txakoli, pintxo eta beste kutixiak izango dira dastagai han jarriko dituzte standetan. Bestalde, aipatu hainbat lan-eskaintza argitaratu direla Txikito eta bere taldeko beste jatetxeetarako; zehaztasunak, jarraian.
New York, AEB. Seigarrez urtez jarraian New Yorkeko Txikito jatetxeak Txikifest izeneko txakolinaren azoka solidarioa egingo du. Aurtengo festa maiatzaren 15ean izango da, urtero legez, jatetxearen atzealdean, hau da, Manhattanen bihotzean. Festaren antolatzaile dira Eder Montero sukaldari bilbotarra eta haren emazte eta bazkide Alex Raij, chef newyorktarra.
Festa "bloc party" edo AEBetako auzoko jai baten antzekoa da; postuak jarriko dira kalean, txakolin, pintxo eta beste kutixi batzuekin eta jendeak bertan dastatu eta gozatu ahalko ditu. Parte hartzaileek edalontzia erosiko dute eta horren truke, nahi adfina txakolin edan ahalko dute. Hau da, Euskal Herriko Txakolin edo Sagardo Eguna bat izango balitz bezala, baina Sagar Handiaren erdi-erdian.
Festak Euskal Herriko txakolin ekoizleen sostengua eta parte-hartzea du, bertan izango dira Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina jatorrizko deiturako ekoizleak. Sostengua eman dute baita BilbaoHistoriko eta Bilbao Bizkaia erakundeek ere.
Festarako giroa berotzen hasiak dira dagoeneko New Yorken, aurtengo edizioko kartelaren aurkezpenarekin. Tomas Ondarra ilustratzailea da egilea eta bertan txakolin botila erraldoi bat ageri da, New Yorkeko haize-orratzen artean, juxtu juxtu Txikito dagoen lekuan bertan.
Lan eskaintzak
Bestalde, aipatu Monterok eta Raij-ek kudeatzen duten jatetxeen kateak --Txikito, El Quinto Pino, La Vara eta berriena, Tekoá-- langile bila dabilela. Hainbat lan-eskaointza argitaratu dituzte. Informazio gehiago Txikito-ren webgunean, edo bestela, bidali CVa zuzenean txikitojobs@gmail.com. helbidera.