euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laguntza deialdiei buruzko mintzaldia Bairesen FEVAren eskutik, Gernikaren 71. urteurreneko ekitaldiekin batera

2008/04/28

Laurak Baten Josu Legarretak eta Andoni Martínek eman zuten mintzaldiaren une bat (argazkia EuskalKultura.com)
Laurak Baten Josu Legarretak eta Andoni Martínek eman zuten mintzaldiaren une bat (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Buenos Airesek euskal aktibitate bizia izan zuen joan den asteburuan. Alde batetik Laurak Baten mintzaldia eman zuten Josu Legarretak eta Andoni Martínek, Eusko Jaurlaritzaren izenean, euskal etxeetako arduradunei aurtengo diru laguntzen deialdian egin diren aldaketak azaltzeko. Egun berean, baina arratsaldez, Laurak Batek eta Argentinako beste euskal etxe askok (Laprida, Mendoza, Euskaltzaleak eta Chascomús, besteak beste) Gernikaren bonbardaketaren 71. urteurrena dela eta ekitaldiak egin zituzten.
Aurreko egunean, ostiralean, FEVAk bere Zuzendaritza Batzordearen bilera egin zuen. Larunbatean, Euskal Etxean jende asko bildu zuen mintzaldia eman zuten Josu Legarretak, Eusko Jaurlaritzako Diasporarekin Harremanetarako zuzendariak, eta Andoni Martínek, sail bereko teknikariak. Bien artean aurtengo euskal etxeentzako laguntza deialdian egin diren aldaketak azaldu zituzten. Deialdia irekita dago eta maiatzaren 15a bitartean bidali daitezke eskabideak.

Euskal etxe askotako ordezkariak gerturatu ziren Buenos Airesera bilera honetan parte hartzeko asmoz, hasi iparraldeko Misiones eta Jujuyko elkarteetatik eta Patagoniako Santa Cruz probintziakoraino. Aipagarria da Santa Cruzeko euskal etxearentzako FEVAko kide bezala etortzen zen lehen aldia zela. Josu Legarretak eta Andoni Martínek euskal etxeek autofinantziazioa helburu izan behar dutenaren mezua zabaldu zuten, Jaurlaritzako subentzioak lagungarri izan daitezkeela esanez, baina sekula ez euskal etxeen finantziazioaren oinarria.

Ekimenei laguntzak, ohiko gastuei baino

Luze eztabaidatu zen gaietako bat ohiko gastuen partida urtetik urtera murriztearen aldeko neurria izan zen. Aurtengo deialdian kontusail honetarako laguntzak ezin izango dira egiten den gastu osoaren %50a baino gehiagokoak izan. Hurrengo urteetan portzentai hori are gehiago jaitsiko da: %40a 2009an eta %30a 2010ean; azkenik 2011ean %20raino heltzeko. Horren ordez euskal etxeek antolatutako programa eta ekitaldientzako laguntzak sustatuko dira. Eusko Jaurlaritzako arduradunek azpimarratu zuten beste alderdi bat zera izan zen, euskal etxeen iraunbizitzea ezin dela Euskaditik jasotzen dituzten laguntzen menpe egon.

[Bileraren beste une bat. Josu Legarretak Argentinako euskal etxeetako kideek eginiko galderei erantzuten die (argazkia EuskalKultura.com)]

Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrena

Bilerara bildu zirenek minutu bateko isilunea egin zuten Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenaren oroimenez. Mundu osoko euskal etxeek ere bat egin zuten, bakoitzak bere herritik, hitzordu honekin eta ekitaldien desberdinen bitartez gogora ekarri zuten Gernikako Arbolaren egoitza den herri bizkaitarraran triskantza 1937ko apirilaren 26ean.

Laurak Bat euskal etxeak adibidez Bilkura Orokorra egin zuen arratsaldean eta ondoren Gernikako hildakoen omenez ekitaldia egin zuten elkarteko kideek, bonbardaketari buruzko filme baten emanaldiarekin. Argentinako beste euskal etxe askok, hala nola Laprida, Mendoza, Euskaltzaleak, Río Gallegos edo Chascomús (eta mundo hamaikatxok ere) urteurreneko ekitaldi bereziak egin zituzten.


Enlaces relacionados

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekin Harremanetarako zuzendaritza
euskadi.net

2008ko Euskal Etxeentzako laguntza deialdia
Euskadi.net


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia