Laprida, Argentina. Kontzertuak, hitzaldiak, erakusketak, elkarrizketak eta mota guztietako topaketak eskaintzen ditu Lapridako Euskal Etxeak bere kultur jarduera programako parte. Proposamenen artean, zeozer aipagarria egin duten herritarren eta bertako pertsonaien bizitza istorioak jaso eta azaleraztea beren kultur zikloetan. Oraingoan, lupa eguneroko lana aisialdi eta plazer-iturri bihurtu duten auzolagunen gainean jarri dute, urtetan lan-tresna izandako material eta objektuak zerbait desberdin bilakatzeko gauza izan direnak. Horietakoa da Enrique Mendez. "Lapridako eskuak" zikloaren baitan, bere lanen erakusketa bat eta bere nondik norakoa biltzen duen argazki erakusketa bat aurkeztu zituzten joan den irailaren 28an.
Enrique Mendez lapridatarra tornularia eta errementaria izan zen lanbidez eta, gainera, objektuak egiten zituen bujiekin... izan ere, miniatura ibilgailu mota guztiak egiteko gauza zen, itsasontziak, hegazkinak, helikopteroak, automobilak, baita eskultura txikiak ere. Rayuela Kultura Etxeko argazkilaritza ikasle talde batek —Eugenia Alberdi, Miryam Galarraga, Raúl Vide eta Iris Moreno partaide eta Gustavo Martínez irakasle— artisaua bere tailerrean erretratatu zuen, bere lanekin, tornuan lanean, eta hainbat egoeratan, kalitate eta berotasun handiz. Material hori, Mendezen lanekin batera, Lagunen Etxeko aretora bildu zuten erakusgai. Horrekin batera, orkestra zuzendari eta Euskal Etxeko txalaparta irakasle den Esteban Aguinalderen saxoaren musikak giro ezin hobea eman zion ekitaldiari.
Enrique Méndez, bigarrena ezkerretik, familiarekin, eta artisautza erakusketako zenbait lan
“Jende asko bildu zen, agian espero baino gehiago, tartean aurretik euskal etxean egon gabeko jende dezente. Jendea poz-pozik zegoen, ez baitzuten Enriqueren lanetik kanpoko beste jarduera honen berri eta, beraz, publikoan harridura sortzeaz gain, familiarentzat amets bat betetzea izan zen, baita bere beste alderdi hori erakuts zezan nahi zuten askorentzat ere”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Silvia Azpiazuk, apurka EEa hiriko kultur guneen zirkuituan leku bat egin zezan lanean ari den euskal erreferenteak. Sarrera librea eta doakoa izan zen eta, ohi bezala, amaitutakoan taberna zerbitzua zabaldu zen, pintxo eta edariekin.