Tradizioari jarraituz, Lapridako euskal etxeak bere lekua izan du pasa den irailean zehar hirian egindako ospakizunetan. Alde batetik, hiriaren 125. urteurrena dela eta egindako zeremonian eta kabalkadan hartu zuen parte; bestetik, Gizataldeen I. Eskualde Tokapetan, dantzariak eta mintzalari nagusia aurkeztu zituen. Berri hauekin batera, euskal etxeko liburutegiari Magdalena Mouján Otaño izena jarriko diotela jakinarazi du erakundeak.
Laprida, Argentina. Iraileko balantzea eginez, hilaren 6an egin zen Lapridan Gizataldeen I. Eskualde Tokapeta, Espainia, Italia, Uruguai eta Euskal Herriko kolektibitateak partaide. Udalaren babesarekin, ekitaldia Los Robles Plazan gauzatu zen, bertan ordezkaritza zeukaten nazioen ereserkiekin. Aurretik, eta gizataldeetako ordezkariek lagunduta, Alfredo Fisher alkateak Argentinako bandera jaso zuen. Euskal Etxeko lehendakari Martin Adrian izan zen euskal komunitateko ordezkaria.
Zeremonian, Euskal Etxearen eta Arturo Campion Euskal Ikasguneko kide den Eduardo Torryk izan zuen etorkinei eta kolektibitateei hitz egiteko ardura eta ohorea. Torry-ren hitzak bukatutakoan, stand gastronomiko eta kulturalen txanda iritsi zen, plazan. Arratsaldean, berriz, musika eta dantza ikuskizunak eskaini ziren.
Lapridaren 125. urteurrena
Irailean ere baina 14an eta 16an, ikurrinaren koloreak ikusi ahal izan ziren Laprida hiriaren 125. urteurren ospakizunetan. 14an, Euskal Etxeko dantzariek Euskal Herriko zenbaitdantza taularatu zituzten Festako agertoki nagusian; asteartean, hilaren 16an, berriz, goizeko zeremonian –Argentinako bandera mastara eramanez– desfilean eta sukaldaritza standetan hartu zuten parte Euskal Etxeko kideek.
‘Magdalena Mouján Otaño’ Liburutegia
Lapridako Euskal Etxeko liburutegiko arduraduna den Maria Ester Arrondok jakinarazi du, bestalde, Magdalena Mouján Otaño izena jarriko diotela instituzioko liburutegiari. Erabakiak Lagunen Etxea-ko Zuzendaritza Batzordearen kide guztien adostasuna izan du eta izena jartzeko zeremonia abenduaren 7an izango da, euskal etxearen 25. urteurrenaren baitan. Gogora dezagun 2005ean hildako idazlea, ‘Gu ta Gutarrak’ ipuinaren egile, Pedro Mari Otaño bertsolariaren iloba eta Arturo Campion Euskal Ikasguneko kide izan zela.