San Inazio egunean bertan, uztailaren 31an, ospatu zuten Gure Zainak euskal etxeko kideek San Inazio (argazkia EE)
Coronel Moldes, Argentina. Uztailaren 31an ospatu da munduan Loiolako San Inazio eguna eta ospakizun horrekin bat egin dute Cordoba probintziako Coronel Moldeseko euskaldunek ere. Ugande eguerdiko 12ak irian, anitz lagun bildu ziren herriko Macondo jatetxean, Rio Cuartoko Gure Ametza euskal etxetik etorritako Sergio Eguiazu eta bere familia barne.
Ikurrinez apaindutako aretoan, telebistagailua ipini zen eta hortxe “Gerra Zibila Euskadin” delako dokumentala proiektatu zen. Bazkaldu eta gero, euskal etxeko Maria Celia Aguirrek eta Marita Echavek Argentinara heldu zen immigrazioaren arrazoiak azaldu zizkioten bildutako jendeari, batez ere joan den mendeko 40. eta 50. hamarkadetan gertatutakoa. Solasok bukatuta, euskal errezeta batzuk ere komentatu zizkieten bi emakumeek bertara bildutako berrehun bat gonbidatuei.
[Inguruetako euskal etxeetako eta kolektibitate italiarreko ordezkariak ere egon ziren bazkarian (argazkia EE)]
Bilerak eta “Euskal baserrietako sukaldaritza” liburua
Aurrerantzean, euskal kulturan sakontzeko eta, besteak beste baita errezeta berriak trukatzeko ere bilerak burutuko dituzte Coronel Moldes-eko euskaldunek hilean behin. Horrez gain, abuztuaren 19tik aurrera, Gure Zainak Euskal Etxeko lehendakari eta sustatzaile den Marita Echavek “Euskal baserrietako sukaldaritza” bere liburua aurkeztuko du Buenos Aires probintziako hainbat hiritan, tartean La Platan, Chascomusen, Castelli-Chacabucon eta Gral. Villegasen. Bizkor jarraitzen du Echavek bere sukaldaritzarekiko trebetasuna eta maitasuna publikoarekin konpartitzen. Eta hedabideetara ere heldu da. Berak idatzitako euskal janariei eta sukaldaritzari buruzko zutabeak bertako El Moldense egunkarian agertzen dira hilero.