Donostia-San Sebastián. Auzolanerako dei batekin ekin dio Patxi Bisquert-ek bertsolaritzaren historian eta diaspora euskal argentinarrean euskal kultur erreferente handia izan zen Pello Mari Otañoren (Zizurkil, 1857 - Rosario, 1910) historia kontatuko duen dokumental proiektuari, auzolanera eta crowdfunding-era deituta. Izan ere 'Ombuaren Itzala' biopic-a errealitate bihurtzeko, aktore eta oraingoan zuzendari izango den Bisquertek ezinbestekoa izango du Euskal Herriko eta Diasporako lagunen ekarpena. Euskal kultura eta herri literaturan, Euskal Herrian zein bere Diasporan, giltzarri izan zen Otañoren ezagutza, zabaldu nahi du Bisquert-ek dokumental honen bidez.
Ekimenak lankidetza eta auzolana behar izango du aurrera egiteko. Lagundu, gehiago edo gutxiagorekin, zure ahalen arabera, baina lagundu, eskatzen dute ekimenetik
Gogora dezagun hiru bidaia eta egonaldi egin zituela Otañok Argentinara, lehena 1875ean; bigarrena, hamar urte iraun zituena, 1880ean; eta hirugarren eta azkena 1898an, eta hondarreko honetan gertatu zela hainbatek gogoan duen pasadizoa Pasaiako portuan, milaka pertsonako jendetza bildu zenean, internetik eta sare sozialik ez zegoen garai hartan, azken agurra emateko hitzordura, Ameriketara abiatzen zen bertsolariari, tartean Orfeoi Donostiarra kantari.
Otañori buruzko filmean izen handiko aktoreek hartuko dute parte, tartean Joseba Usabiagak ('El Vasco'; 'Handia'...) eta Sara Cozarrek ('20.000 especies de abejas'; 'Erlauntza'...), zuzendaria Patxi Bisquert bera izanik. “Crowdfunding-arekin aukera eman nahi diegu erakunde publiko eta pribatuei, udaletxe, kultur etxe, euskal etxe eta hala nahi duten guztiei proiektua babest dezaten", azaldu du zuzendariak.
Hondar-alearen garrantzia
Diru ekarpenak duela hamar egun hasi dira. Helburua une honetan, 40.000 euro lortzea da –orain arte %20a bildu dute eta 27 egun geratzen dira– prozesuarekin segitu ahal izateko. Diru-bilketa modalitate honekin egiten diren beste hainbat proiektuetan bezala, dirua jartzen duenak etekin edo opari bat jasotzeko aukera izango du. Laguntza hori nola gauzatu jakiteko, edota proiektuari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, edo zure ekarpena uzteko egizu klik link honetan. Bizum bidez, (34) 662529455.
Dudarik gabe proiektu garrantzitsua da, gure diasporako kultura eta Otaño bezalako pertsona giltzarri bat ezagutarazteko bidean. Otaño, bertsolari handia izatearekin batera, Argentinan euskara eskola sistematizatuak eman zituen lehenengo irakaslea izan zen, olerkari eta libreto-egilea eta Diasporatik euskal kulturari ekarpen nabaria egin zion pertsona.