Pergaminoko Udalak eta Industria eta Merkataritza Ganberak antolaturik, hainbat erakunde eta milaka bisitari batu zituen ‘Arte Noche Centenario’ ekitaldiak. Lehenengo ediziotik ekimeneko protagonista nagusietako bat izan da Lagun Onak Euskal Etxea eta aurten ere izan du bere txokoa hiriko jaian, euskal kulturaren presentzia eta ekarria bermatuz.
Pergamino, Argentina. Apirilaren 23an egin da Pergaminoko Centenario auzoan ‘Arte Noche Centenario’ izeneko jaialdia. Aktibitatea Juan B. Justo etorbidean egin zen, bertan zabaldu baitziren standak eta ikuskizunak. Arratsaldetik gaua sartu arte, kultur adierazpen ugariz gozatu ahal izan zuten pergaminotarrek, urterik urte hazten doan proposamen honen baitan.
Hiriko euskal gizataldeak partaidetza nabaria izan zuen, urtero bezala, jaialdian, agertoki nagusian zein sukaldaritza standen artean. Lagun Onak Euskal Etxeko kide Alicia Ruiz Morenok EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “lan talde jendetsua sortu genuen zeregin guztiak egin ahal izateko: standa muntatzetik janaria prestatu eta saltzerainoko lanak egoki antolatzeko. Sukaldean Carlos Miguelena eta Carlos Manzoco aritu ziren sukaldari. Gazteek, dantzari aritzeaz gain, asko lagundu zuten batez ere edariak prestatzen, kalimotxo arra kastatsua tarteko. Eta jakina, guztiok aritu ginen standean galderak erantzuten, informazioa ematen eta Euskal Herriaren berri ematen”.
Goizeko Izarra
Adin guztietako dantzariak biltzen ditu Pergaminoko Euskal Etxeko Goizeko Izarrak dantza taldeak eta guztiek dantzatu zuten ‘Arte Noche Centenario’ jaialdian. Jantzi berriak luzitu zituzten eta publikoa liluratu egin zuten, besteak beste Banakoa, Arku Dantza eta Makil Dantzaren euren bertsioekin.(ikus bideoa hemen)
Datozen ekintzak
‘Arte Noche Centenario’ ekitaldiak lan handia eman die Lagun Onak-eko lagunei baina horrek ez du esan nahi deskantsatzeko denborarik har dezaketenik. Izan ere, ia segidan hiriburuko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian ere hartuko dute parte maiatzaren 8an, dantza ikuskizunean eta baita Danborradan ere. Horretaz aparte, eta hilero bezala, topaketa gastronomikoa ere egingo dute maiatzaren 13an.