euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Lan Onari' goraipua jasoko dute Maria Luisa Laka euskal venezuelarrak eta beste lau pertsonek

2010/10/20

Boiseko Euskal Museoko zuzendari den Patty Miller euskal amerikarra bere 'Lan Onari' jasotzen joan den uztailean Boiseko Jaialdi elkarretaratze handiaren baitan (argazkia EuskalKultura.com)
Boiseko Euskal Museoko zuzendari den Patty Miller euskal amerikarra bere 'Lan Onari' jasotzen joan den uztailean Boiseko Jaialdi elkarretaratze handiaren baitan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Markinan jaioa, bost urte zituela Maria Luisa Laka euskaltzalea Venezuelara mugitu zen bere familiarekin, eta bertan bizi izan zen 16 urterekin batxillergo ikasketak burutzera jaioterrira itzuli zen arte. Geroztik hizkuntza irakasle gisa gailendu da --euskaraz eta gaztelaniaz ezezik ingelesez, alemanez eta frantsesez egiten du-- eta Bilboko Juan Mateo Zabala eusketgiko fundatzaileetakoa izan zen. Euskara irakasleen irakasle izan da eta ikasle izan dituenen artean aipa daitezke Juan Jose Zearreta, Mikel Zarate, Alfonso Irigoien, Rikardo Badiola eta Bernardo Atxaga. Maria Luisa Lakarekin batera, Jaurlaritzaren 'Lan Onari' saria jasoko dute Manu Leguineche kazetariak, Imanol Arias aktoreak, Javier Ormazabal enpresariak, eta Xabi Alonso futbolariak.

Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritzaren Kontseiluak atzo astearteko bileran erabaki zuenez, honakoei emango die 'Lan Onari': Maria Luisa Laka euskaltzaleari, Manu Leguineche idazle eta kazetariari, Imanol Arias aktoreari, Javier Ormazabal Ocerín Ormazabal taldearen presidente eta sortzaileari, eta Xabi Alonso futbolariari. Lehendakariak goraipuaren domina bana emango die Euskadiren Eguna dela eta urriaren 25ean Lehendakaritzan egingo den harrera-ekitaldian.

'Lan Onari' Eusko Jaurlaritzak ematen duen goraipamen nagusienetako bat da, "eguneroko lanean izandako dedikazioagatik, jarraikortasunagatik eta ekimena izateagatik" nabarmendu diren euskal herritarrei aitormena erakusteko.

Hona aurten goraipatuko direnei buruzko laburpena, Jaurlaritzako Lehendakaritzak emana:

Maria Luisa Laka

1949an Markinan jaio behar bazuen ere, ama Bilbora etorri zen eta bertan jaio zen. 1954an Venezuelara joan zen familiarekin. Venezuelan oinarrizko ikasketak eta batxilergoko lehenengo urteak egin eta 1965 Markinara itzuli zen eta, hurrengo urteetan, batxilergoa eta COU ikasketak bukatu zituen. 1970. urtean Deustura etorri zen familiarekin (geroztik Deustun bizi da).

Urte horietan hizkuntzak ikasteari ekin zion: Ingelesa, txikitatik eskolan eta geroago Bilboko Hizkuntza Eskolan eta Inglaterran; Alemaniera Bilboko Hizkuntza Eskolan (lau urte); Frantsesa irakasteko titulua lortu zuen Deustuko Unibertsitatean Aliance Françaisek emana.

1975ean alfabetatze eskolak hartzen hasi zen. 1977an Bilboko Hizkuntza Eskolan euskara titulua lortu zuen. 1978an Iralabarriko gaueskolan irakasle hasi zen. 1980/81 ikasturtean Euskal Filologia egiten hasi zen Deustuko Unibertsitatean. 1982. urtean, bigarren ikasturtea bukatu baino lehen, karrera utzi behar izan zuen osasun arazoak zirela eta.

1981ean Juan Mateo Zabala euskaltegiaren sortzaileetakoa izan zen. 1981-1983an Euskara irakasleak prestatzeko eskolak hartu zituen. Juan Jose Zearreta, Mikel Zarate, Alfonso Irigoien, Rikardo Badiola, Bernardo Atxaga eta abar izan zituen irakasle eta, besteak beste, hizkuntza, glotodidaktika eta euskal literatura gaiak landu zituen.

1982tik Aurrera ABOko (EGA Azterketarako Batzordea) kidea izan da duela gutxi arte. 1984ean HABEren irakasle-habilitazioa lortu zuen. 1984-1987 urteetan Juan Mateo Zabala euskaltegiko zuendaria izan zen. Gaur arte Juan Mateo Zabala euskaltegian euskara irakasle eta euskara irakasleon irakasle da.

Manu Leguineche

Manu Leguineche kazetaria Arrazuan jaio zen, Bizkaian, 1941ean. Gazte-gaztetatik erreportari lanetan nabarmendu zen eta XX. mendeko hainbat krisi eta gerra lazgarriren lekuko izan da. Gran Vía astekari bilbotarrean ekin zion ibilbide profesionalari eta geroago El Norte de Castilla egunkariaren korrespontsal eta bidali berezi lanetan aritu zen, Miguel Delibesen aginduetara, baita Televisión Españolan ere. Colpisa eta Fax Press notizia agentziak ere sortu zituen.

Kazetaritzan izan duen ibilbide luzean aukera izan du hainbat une garrantzitsu ikusi eta horien berri emateko, hala nola Algerreko iraultza 1961ean, India eta Pakistanen arteko gerra, Vietnamgoa, Libanokoa, Afganistangoa, Blangla Deshekoa edota Nikaragua sandinista.

Hogei bat liburu idatzi ditu —azkena, El club de los faltos de cariño izenekoa— eta kazetaritza eta saiakera sari ospetsuenak jaso ditu; esaterako, Kazetaritzaren Espainiako Sari Nazionala (1980), Ortega y Gasset saria (1991), Saikeraren Espasa saria (1996) edota Euskadi saria (2008), besteak beste.

Imanol Arias

Imanol Arias Leongo Riaño herrian jaio zen 1956an; haurtzaroa eta gaztaroa Ermuan (Bizkaia) eman zituen. Albo batera utzi zituen laster Eibarko Armeria Eskolako lanbide heziketarako ikasketak, interpretazio lanari ekiteko behin betiko. Hainbat euskal antzerki talde independientan hartu zuen parte. Madrilera joanda, antzezle lanetan hasi zen buru-belarri eta hainbat zuzendari ospetsuren aginduetara aritu zen lanean, hala nola, Pedro Almodovar, Manuel Gutierrez Aragón, Imanol Uribe, Pedro Olea edo Vicente Aranda.

Vicente Arandarekin lortu zuen behin betiko ospea, El Lute pelikulan egindako lanagatik: 1987an aktore onenarentzako Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Goya sarietarako hautagaia izan da hainbatetan eta zenbait Zilarrezko Fotograma eta Urrezko TP jaso ditu pelikuletan eta telebista serietan egindako interpretazioengatik. Protagonista izan zen, Ana Duatorekin batera, Cuéntame cómo pasó serie arrakastatsuan eta lan hori izan da bere ibilbideko ezagunena eta sarituena azken urteotan.

Javier Ormazabal Ocerín

1967an Ormazabal y Cía enpresa sortu zuen Bizkaiko Bedia herrian, Grupo Ormazabal delakoaren hastapena eta bihotza. Europar Batasuneko ekipamendu elektrikoko ondasunen fabrikatzaile nagusienetako bat da gaur Ormazabal Taldea. Taldea bederatzi enpresek osatzen dute; 2.000 langile baino gehiago ditu; ekoizpen fabrikak ditu Espainian, Argentinan, Brasilen, Frantzian, Alemanian eta Txinan; eta 50 herrialde baino gehiagotan dago filialen eta banatzaileen bitartez.

Lau hamarkada horietan zehar, Javier Ormazabalek enpresa filial ugari eratu ditu metalurgian, eraikuntza, isolatze eta telekomunikazioen sektoreetan. Taldearen egitasmo hurbilenetako bat Zornotzan Potentziaren Laborategi bat abiaraztea da. Espainiako estatuan ez dago horrelako besterik eta bertan produktuak egiaztatu eta beste berri batzuk garatzeko saiakuntzak egiteko aukera izango da.c

[Oharra: Hasiera batean Jaurlaritzatik goraipua Javier Ormazabal Ocerín-i emango zitzaiola adierazi bazen, bigarren idazki batek aurrekoa zuzendu eta adierazi du egiazki Javier Ormazabal Echevarriari eman zaiola, berau aurrekoaren semea, taldeko presidente exekutiboa eta gaur egun Tecnalia Korporazio Teknologiko presidentea dena]

Xabi Alonso

Tolosan, Gipuzkoan, jaio zen 1981ean. Aita ere, Periko Alonso, futbolaria izan zen eta beste bi anaia, Mikel eta Jon, ere kirol horretan aritzen dira: bat futbolaria da, eta bestea, arbitroa. Erdilari ibilbidea Real Sociedaden hasi zuen 1999an. Zenbait hilabetez Eibar taldean aritu ondoren, John Toshackek berreskuratu zuen 2001ean eta taldearen kapitain besokoa eman zion.

Liverpool FC taldeak fitxatu zuen 2004-2005 denboraldian jokatzeko eta talde horrekin UEFA Champions League irabazi zuen. Liverpoolen bost denboraldi eman ondoren, Real Madrid-ek fitxatu zuen 2009an, eta talde horretan dirau. Internazionala izan da Espainiarekin 2004 eta 2008ko Europako kopetan eta Alemaniako 2006ko munduko txapelketan eta Hegoafrikako 2010ekoan; horietan guztietan txapelduna izan da espainiar selekzioa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia