euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maria Julia Ercorecaren omenez dantzatu zuten Puerto Madryngo gazteek Immigrantearen Egunean

2011/09/15

'Etorritakoengatik' Euskal Etxeko gazteek ohorezko Aurreskua dantzatu zuten Immigrante Eguneko jaian Maria Julia Ercoreca gogoan
'Etorritakoengatik' Euskal Etxeko gazteek ohorezko Aurreskua dantzatu zuten Immigrante Eguneko jaian Maria Julia Ercoreca gogoan

PUBLIZITATEA

Hilabete bat pasatu da Maria Julia Ercoreca joan zitzaigunetik, eta Argentinako euskal gizataldean berak utzitako hutsuneak handia segitzen du; ezaugarri zeukan izpiritu alai kutsakorrak ere bizirik dirau, ordea, eta, bere irri baikor eta kuraia-emailea gogoan, omenaldi txiki bat egin diote bere dantzariek, Puerto Madryngo 'Etorritakoengatik' Euskal Etxeko gazteek, irailaren 3an Immigrante Eguneko jaiaren barruan. Hainbeste dantzari zaletu eta trebatu zituen irakasle maitakor honi omenaldi berezi bat egingo dio azaroaren 7an Gizatalde Euskal-Argentinarrak, oraingoan Necocheako Euskal Aste Nazionalaren baitan.

Puerto Madryn, Argentina. Argentinako euskal etxe gazteena da ziur aski Puerto Madryngo 'Etorritakoengatik'. Izan ere, ez da beharrezkoa oso atzera joatea EuskalKultura.com-en, sorreraren eta lehenengo Zuzendaritza Batzordearen berri irakurtzeko, joan den amaiatzean. Ibilitako bide laburrean, ordea, oso pasadizo gogorra gainditu behar izan dute euskal etxeko kideek, 'Etorritakoengatik'en bultzatzaile eta sortzailea izan zen Maria Julia Ercorecaren heriotzarekin.

Ez da bere itzala erraz aldenduko bertatik. Bolada zaila bizitzen ari dira Puerto Madryngo euskaldunak baina tristurak ez ditu kikildu eta atzenduko. Maria Juliak euskal etxearekin eta dantza taldearekin zeukan ametsa errealitate bihurtu nahi dute, laguna eta dantza eta euskal kultura irakasle izan zutenaren omenez.

Hori dela eta, eta Argentinako esaera denez, “presente” esan dute Puerto Madryngo euskaldunek aurtengo bertako Immigranteen Jaian. Udaletxeak antolaturik eta 124. zenbakidun eskolan egindako festan, kolektibitate alemaniar, boliviar, txiletar, kolonbiar, galestar, espainiar, italiar, uruguaitar, galiziar eta euskaldunek hartu zuten parte. Euskaldunek Aurreskua interpretatu zuten zeremonian, Maria Julia Ercoreca gogoan eta haren omenez. “Oso hunkigarria izan zen momentua. Bakarrik, hau da, Maria Julia gabe dantzatu duten lehenengo aldia izan da”, adierazi dio EuskalKultura.com-i dantzari baten amak.

Puerto Madryngo dantza taldea 2011 01

['Etorrietakoengatik' euskal etxeko dantza taldea]

Erronka izan da eta dudarik gabe ez da bakarra izango. Puerto Madryngo euskaldunek badakite hori eta gogor eusten diote etorkizunari. “Neska-mutilek jarraitzen dute larunbatero entseguekin, eta laster Macahinetik etorriko dira beste dantzari batzuk klasea ematera”, azaldu digute madryndarrek. “Maria Juliaren asmoa zen Euskal Astera joatea eta guk zinez bete nahi diogu amets hori. Zor diogu”, azpimarratu dute 'Etorritakoengatik'etik.

Zalantzarik gabe, euren partaidetza eta jardunak txalo bero eta bereziki abegikorrak bilduko dituzte Necocheako Euskal Aste Nazionalean, datorren azaroan, Maria Julia ugari zeuzkan lagun guztien gogoan.



Komentarioak

  • Beti gogoan

    Beti gure gogoan, Maria Julia. Argentinan baina baita Donostian eta Euskal Herrian ere utzi dituzu lagunak, dantzaren eta gure kulturarekiko amodioaren mundua elkarbanatu izan dugunak. Umezurtz utzi gaituzu, baina zure irriaren oroitzapena eta aurrera egiteko zeneukan borondate eta erabaki irmoa gogoan gidari dugula egingo dugu aurrera. Zergatik joan zara hain goiz? Aurrera Madryngo "Etorritakoengatik" taldekoei. "Etorritakoengatik" eta Maria Juliarengatik segituko duzue eta izango zarete Patagoniako txoko horretan zuek ere gazte eta helduen argi eta gidari.

    Tristezia gainditu nahi duen bat, 2011/09/15 14:53

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia