euskal diaspora eta kultura
2013/03/20
PUBLIZITATEA
Norma Rios, Buenos Airestik
Zaila da berarekin pentsatzea eta berriz ere ikusiko ez dudala jakitea. Zinez ditut gogoan aurrenekoz topo egin genuenean, duela hamarkada bat baino gehiago, eta baita elkarri egin genion azken agurra, joan den urte amaieran, berriz ere Euskal Herrira itzultzeko hegazkina hartzen ari zela Argentina bisitatu ondoren.
Oso pertsona berezia zen. Beti irria ezpainetan. Atsegina, eztia, alaia, ume handi baten izpiritua zeukan. Gorpuzkeraz bolumentsua, poztasuna zerion eta izan ere ipuinetako hartzak gogora arazten zizkidan, horregatik lagunek Baloo esaten zioten, Rudyard Kipling-en Oihaneko Liburuko pertsonaia nagusiaren izena harturik, beti onbera eta pozik.
Beñat zegoen tokian, euskaldunen alaitasuna ageri zen, bilerak desberdin ziren bera tartean zegoela, txinparta berezi hori ematen zien. Oso gazte zela, rugbilari izan zen, maite zuen izan ere kirol hori. Gogoratu ohi zuen 1991ean Argentinara etorri zenekoa, Baigorriko taldeko 33 lagunekin eta gau batez Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko lehendakari Simon Soroet-ek eta Zuzendaritzakoek ohoreak egin zizkietela erreki batez, Euskal Pilotako gure munduko txapeldun Juan Labat bertan zela. Argentinako rugbi saioak ikusten zituen eta oso gogokoa zuen Los Pumas taldea.
Askotan etorri zen hona, Euskal Asteetara, Euskal Argentina taldeko kideekin, bertako diruzain baitzen, beti bere lagun eta adiskide on Pierra Lakorekin.
Bere atseginak eta omoreak lagun asko ekarri zizkion gure herrialdean eta euskal etxe guztietan zen ezaguna.
Euskal gizataldeko jai eta besta asko partekatu izan ditugu, baita Argentinako Lako familiaren errekiak ere, urtero Pierra agurtzearren. Oso amodio handia zeukan Argentinarekin eta argi uzten zuen zeramatzan elastikoetan, nire herrialdeko bandera eta ikurriña elkarrekin agertaraziz.
Zaila egiten da bera lagun zela pasatutako hainbeste bizipen eder oroitzea. Bera joan izanak penatu eta bihotza goibeldu dit, baina bere gizatasunaren oroitzapena geratzen zait, bere eskuzabaltasuna, urtero berriz ere aireportuan elkar ikustean sentitzen nuen poztasuna.
Orain ezin izango dut berriro ere agurtu, baina uste dut zeruaren zati batean izar berria dugula gu argitzen eta begirada jasotzen dudan bakoitzean bertan egongo dela bera irria ezpainetan niri begira.
Betirako atsedena har dezala Jainkoaren aldamenean.
Lagun maitea, beti arte. Goian Bego.
Goian bego
Mattin, 2013/03/21 02:00
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus