euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laburbira 2012 ikus-entzunezko zirkuituan parte hartu nahi duten elkarteek hil bukaera arte dute epea

2012/01/23

'Hemen nago', Maialen Sarasua oriotarraren laburmetraia da Laburbira 2012an ikusgai izango den lanetako bat
'Hemen nago', Maialen Sarasua oriotarraren laburmetraia da Laburbira 2012an ikusgai izango den lanetako bat

PUBLIZITATEA

Topagunea euskara elkarteen federazioak Laburbira ikus-entzunezko zirkuituaren 9. edizioa antolatu du, eta, aurrekoetan bezala, bertan parte hartu nahi duten euskal etxeei eta Diasporako elkarteei gonbite berezia egin die. Topaguneak euskaraz eginiko zortzi ikus-entzunezko aukeratu ditu aurtengo ediziorako: lau film labur, animaziozko filme bi, dokumental bat eta musika bideo bat. Filmeetako bat galegoz egina da, Topaguneak edizio bakoitzean bestelako hizkuntza batean egindako lan bat txertatzea, euskarazko azpidatziekin, erabaki baitu. Zirkuituaren emanaldiak otsailaren 29tik apirilaren 4ra egingo dira, eta bertan parte hartu nahi duten elkarteek hil honen bukaera arte dute eskaera egiteko epea. Aurreko edizioetan Bartzelona, Parise, Londres, Erroma eta Shanghaiko euskal etxeek parte hartu dute Laburbiran.

Donostia-San Sebastian. Topagunea euskara elkarteen federazioak Laburbira 2012 ikus-entzunezkoen zirkuituan parte hartzeko gonbitea egin die Euskal Herriko eta Diasporako elkarteei. Zirkuitu honek euskaraz eginiko ikus-entzunezkoak ezagutzera ematea du helburu eta horretarako zortzi lanek osatzen duten programa prestatu du Topaguneak.

Zirkuitua otsailaren 29tik apirilaren 4ra egingo da eta parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 31a bitarteko epea dute izena emateko, kulturgintza@topagunea.com helbidean antolatzaileekin harremanetan jarriz. Topagunea federazioko Manuel Morenok EuskalKultura.com-i azaldu dionez, emanaldia antolatzen duen elkarte bakoitzak 300 euro ordaindu beharko ditu, emanaldia, publizitate euskarri eta kudeaketaren truke.

Elkarteak kontuan izan du euskal etxeek diru hori ordaintzeko arazoa izan dezaketela, eta Eusko Jaurlaritzaren euskal etxeentzako 2012ko diru-laguntza deialdian sar daitekeen ekimena dela azaldu du (2012ko euskal etxeentzako diru-laguntzak eskatzeko epea otsailaren 29an itxiko da).

Aurtengo zirkuitua osatzen duten lanak honakoak dira:

-'Hemen nago': Maialen Sarasua oriotarraren fizkiozko laburmetraia.
-'Zeinek gehiago iraun': Gregorio Muro komikigile eta gidoilariak zuzendu duen animaziozko laburmetraia.
-'Urrezko eraztuna': Jon Garaño donostiarrak zuzenduriko laburmetraia. 
-'Izena duena': Joseba Uberuaga zuzendariaren animaziozko laburmetraia.
-'Ohe azpiko zera': David Zabala eta Paul Urkijoren laburmetraia.
-'Kantuka': Revolta Permanent taldearen bideoklipa.
-'Instalación': laburmetraia galiziarra, galegoz eta euskarazko azpidatziekin.
-'Aberria': 1961ean Gotzon Elortza zuzendariak eginiko euskal dokumentala. Euskaraz osorik egindako lehenengo dokumentaletako bat da.

Informazio gehiago, Topagunearen webgunean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia