euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Labayruko eta Euskal Museoko bi ordezkarik Trebitsch etnografoaren biltzarrean parte hartuko dute Vienan

2008/03/25

Bilbon kokaturik dagoen Euskal Museoaren argazkia
Bilbon kokaturik dagoen Euskal Museoaren argazkia

PUBLIZITATEA

Datorren apirilaren 17tik 25era bitartean Amaia Mujika (Euskal Museoa) eta Adolfo Arejita (Labayru Ikastegia) Vienara abiatuko dira Museums of Europe Network and Trebitsch Project batzarrean parte hartzeko eta Euskal Museoak Vienako Kunsthistorisches Museum eta Renneseko Bretagne Museoarekin egin nahi duten katalogazio-proiekturako informazioa eskuratzeko. Rudolph Trebitsch, Vienako Zientzietako Akademia Inperialeko etnografoa, Euskal Herria bisitatu zuen 1913. urtean euskalki guztietako laginak diskoetan grabatzeko eta 60 bat piezekin itzuli zen Vienara. Euskalki guztietako grabazioak lortu zituen, baita gaur egun desagertua dagoen erronkarierakoak ere.
Bilboko Euskal Museoa, Vienako Kunsthistorisches Museum eta Renneseko Bretagne Museoa katalogazio-proiektu batean ari dira lanean Rudolph Trebitsch austriar etnografoak Euskal Herrian eta beste zenbait lurralde europarretan (Irlanda, Gales, Ingalaterra, Bretainia, Eskozia eta Laponia) lortutako zenbait piezen erakusketa egiteko Europan zehar. Karia hortara Adolfo Arejita (Labayru Ikastegiaren ordezkari gisa) eta Amaia Mujika (Euskal Museoaren ordezkari gisa) Austriako hiriburura abiatuko dira apirilaren 17tik 25era bitartean Museums of Europe Network and Trebitsch Project batzarrean parte hartzeko. Arejitak austriar etnologoak bildutako euskal kulturari buruzko piezak ikertuko ditu eta Amaiak katalogazio-lana burutuko du.

Rudolph Trebitsch austriarrak, Julio Urkijo, Telesforo Aranzadi, Gregorio Mujika, Resurreccion Maria Azkue, Georges Lacombe eta Gabriel Robyren laguntza izan zuen, besteak beste, euskalkien grabazioak egiteko eta euskal etnologiaren bilduma osatzeko. Euskal Herriaz gain, etnografoak Bretainia bisitatu zuen eta Vienan beste zenbait elementu batu zituen. Zorionez, bere bisitetan lortutako elementu eta tresna guztiek Bigarren Mundu Gerraren hondamendiari ihes egin ahal izan zioten.

Rudolph Trebitschek 64 diskotan banatu zituen euskal grabazioak eta bakoitzak bi minutu irauten ditu gutxi gorabehera. Marcelo Miguel eta Inaxio Lopez de Arana Arrietak "Rudolf Trebitsch: Euskal hizkuntzaren eta musikaren grabazioak (1913)" artikuluan aipatzen dutenez, grabazioetan euskalki guztietakoak daude, bai eta erronkarierakoak ere, dagoeneko desagertu bada ere. Originalak Vienako Fonotekan daude, baina 1984tik kopiak Bilboko Azkue bibliotekan ere daude eskuragarri, Piarres Xarriton eta Jose Maria Etxebarria euskaltzainei esker.


Lotura interesgarriak

Rudolph Trebitsch-i buruzko informazio gehiago
Rudolph Trebitsch

Kunsthistorisches Museum, Viena
www.khm.at

Musée de Bretagne, Rennes
http://www.musee-bretagne.fr

Euskal Museoaren webgunea
www.euskal-museoa.org

Labayru ikastegiaren webgunea
www.labayru.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia