Ekimen gaztea eta familiarra da Los Toldos herriko 'La Vasca' enpresa. Euskal sustraiko etxe argentinar bateko sukaldean sortua, huts egiten ez duen errezeta batez baliatzen da Yanina Luberriaga bere produktuak egin eta merkaturatzeko: lana, familia eta balioen konbinazioa.
Los Toldos, Argentina. Iaz ekin zion Yanina Luberriagak 'La Vasca' bataiatu duen enpresa eta proiektuari. "Lanera bueltatu nahi nuen baina alaba txikiak ditudanez, ez nuen etxetik atera nahi. Urte osoan zehar gure sukaldea izan da enpresaren elaborazio gela. Behin lana bukatuta bertan elkartzen zen familia eguneroko bizitza egitera", kontatzen dio EuskalKultura.com-i Yaninak.
Sukalde horretan hiru produktu hasi zen prestatzen ‘La Vasca’: marmeladak, likoreak eta chutney-ak. "Marmeladak hiru motakoak dira: klasikoak, gehien saltzen direnak; kaloria gutxikoak, %70 fruitua-%30 azukrea; eta "light", diabetikoentzat. Likoreak ere egiten ditugu, limoi likorea (lemoncello) eta laranja likorea (larancello); eta sagar, marrubi eta mugurdi chutneyak”.
Salgai dauden produktuen zerrenda laster bi hauekin zabalduko da: esne goxoa (dulce de leche) eta azukrerik gabeko marmelada. "Marmelada gozatzeko mahats muztioa erabiliko dugu, hain kaltegarria den azukrea ekiditeko", azaltzen du adituak. Eskaintza zabaldu ahal izateko, sukaldea ere handitu behar izan zuen proiektuaren arduradunak. Orain daukan elaborazio gelan 1.200 pote egin ahal dira hilabetean.
La Vascaren euskal sustraiak
Nahiz eta ekimena behar jakin batetik sortu ez da kointzidentzia sukalde proiektua izatea, ezta izen hori edukitzea ere. Izan ere, Juan Luberriaga, Yaninaren aita, Ezpeletako Ipharra baserrian jaiotako Manuel Luberriagaren biloba da. Yaninaren esanetan, "aita gaztagilea da... onenetako bat. Nik beti lagundu izan diot gazta eta esne goxoa egiten. Zelaian bizi ginenez hamaika urterekin joan nintzen apopilo ikastetxe batera eta gero, sekundario osteko ikasketak ere etxetik kanpo egin nituen. Hala ere, beti sentitu izan dut sustraien deia”.
“Eta sustraiak aipatzen ditudanean zelaiaz ari naiz baina baita euskal sustraiez ere. Gure aitak bi gauza utzi dizkit, lanarekiko maitasuna eta 'La Vasca' izengoitia. Harro nago nire goitizenarekin. Nire alabak eta ni Chacabucoko Guillermo Larregui euskal etxeko kide gara eta gaur egun nire aita erakundeko lehendakariordea da. Ahal dugunean joaten gara topaketa eta festetara, oso ondo pasatzen dugulako familian”.
‘La Vasca’ Buenos Aires probintziako Los Toldos herrian dago eta herri osoan saltzen ditu bere produktuak. Webgunea eta Facebook (La Vasca) kontua ere baditu, eta eskaerak bertan egin daitezke. “36 urte ditut eta errespetu handia diet familia eta tradizioari. Eta badakit lanarekiko, familiarekiko eta balioekiko maitasuna dela gure seme-alabei utzi ahal diegun ondasun handiena”, adierazten du Yaninak.