euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atlantikoa 1950ean belaontziz frankismotik ihesi zeharkatu zuten bederatzi euskaldunen istorioa

2011/07/28

Juanjo San Mames eta Rosa Mari San Mames, Felixen alaba, Euskalkultura.com-en bulegoan, Donostian (argazkia EuskaKultura.com)
Juanjo San Mames eta Rosa Mari San Mames, Felixen alaba, Euskalkultura.com-en bulegoan, Donostian (argazkia EuskaKultura.com)

PUBLIZITATEA

Código argitaletxe mexikarrak 'La travesía del Montserrat' izenarekin argitaratu berri ditu Felix San Mames Loizagaren memoriak. San Mamesek, zortzi lagunekin batera, 1950. urtean Atlantikoa belaontzi batean zeharkatu zuen, Francoren diktaduratik ihesi. Santurtzitik atera eta 91 egun beranduago Mexikoko Veracruzera heldu ziren. Abentura gogorra zein zirraragarria izan zen bidaia, eta orain San Mamesen ondorengoek aitaren esperientzia ezagutzera eman nahi dute, aitak bidaian idatzi zuen egunkaria argitaratuz. Rosa Mari San Mamés, Felixen alaba, Euskal Herrian izan da egunotan eta Juanjo senarrarekin EuskalKultura.com-en Donostiako egoitzan izan zen, liburuaren berri emateko.

Donostia-San Sebastián. Rosa Mari San Mames eta bere senarra, Juanjo, San Frantziskon, Kalifornian, bizi dira duela hamarkada batzuk, eta bertako euskal komunitateko kideak dira. Juanjo Portugaleten jaio zen eta bertatik emigratu zuen AEBetara, baina Rosa Mari Mexikon sortua da, Euskal Herritik hara emigratu zuten euskaldunen alaba. Bere kasuan, aita Félix era oso bitxian heldu zen Mexikora, izan ere 1950. urtean egunkarien lehen orriak bete zituen istorioko protagonista: Félix San Mamesek eta beste zortzi euskaldunek belaontzi batean zeharkatu zuten Atlantikoa, Francoren diktaduratik ihesi. 

Urte batzuk dira Felix zendu zela eta orain, bere ondorengoek, euren aita zenak bidaian idatzi zuen egunkaria argitaratu dute, 'La travesía del Montserrat' izena duen liburuan. Bere horretan gorde dute egunkaria, kasik ezer aldatu gabe; izan ere, San Mamesen estilo sotil baina sakonak ondo islatzen baitu gizon haiek bizi behar izan zuten abentura, itsasoan eman zituzten gau eta egunen bakardakea eta beldurra eta baita ere euren arteko adiskidetasuna. Liburua 1950ean Santurtziko Alza untziolan belaontzia prestatzen hasi zirenean hasten da eta 91 egun ondoren, Veracruzeko portura heldu zirenean bukatzen. Bidean zazpi hurakan, Francoren untziak eta zenbaitetan itsasoa bera izan zituzten aurkari.

montserrat 1

[Montserrat ontziaren tripulazioa, San Mames familiak egunotan Santurtzin erakutsi duen aurkezpenaren paneleko irudi batean (argazkia Euskalkultura.com)]

Ontziaren eskifaia honakoak ziren: Felix San Mames Loizaga, Agustin Palacios Lopategi, Jose Martin Barinagarrementeria Eguskiagirre, Luis eta Manolo Algorri Villanueva, Gregorio Solano Ahedo, Ismael Martin del Río eta Ramon eta Jose Luis Bilbatua Madariaga. Iheslariek Karmengo Eguneko itsas-prozesioa probestu zuten ihes egiteko, baina Hegoameriketarako bidean, Kanariar irletan, motorea hondatu egin zitzaien. Ondo prestatutako itsas-bidaia, belarekin soilik egin beharreko odisea bihurtu zen, eta askoz egun gutxitarako prestatua zuten janari kopurua 'estiratu' behar izan zuten, doi doi lortuz Mexikora bizirik heltzea. San Mamesen egunkariak bizitasun handiz islatzen du egun horietan bizitako esperientzia eta bederatzi euskaldunen arteko elkartasuna eta adiskidantzak bidaiaren arrakastan izan zuen eragina. 

 montserrrat 2

[Montserratek Santurtzitik Veracruzera egin zuen bidaia; eta bidean aurkitu zituzten zazpi hurakanen arrastoa (argazkia EuskalKultura.com)]

Liburuari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, edo ale bat erosteko, jarri harremanetan Rosa Marirekin edo Mari Carmenekin, Félix San Mamésen alabekin, blog honen bidez: http://latravesiadelmontserrat.blogspot.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia