Vitoria-Gasteiz. Espainolezko punk mugimenduaren ikur eta aitzindari izan ziren eta milaka jarraitzaile segitzen dituzte izaten Euskal Herrian zein Espainian baina baita Hego Amerikan ere. Taldea sortu zela 40 bete direla ospatzeko, eta “Ni descanso ni paz” azken lan diskografikoa aurkezteko, kontzertu bira bat eskainiko du Evaristo buru duen bandak aste honetatik aurrera Argentinan, Uruguain, Perun eta Txilen.
Evaristorekin batera Sume, Abel, Txiki eta Tripi musikariek osatzen dute larunbatean, otsailaren 8an, Argentinako La Platan lehenengo emanaldia eskainiko duen boskotea. Kontzertua Punto Único aretoan izango da, ‘Ley del buey’ eta ‘Eterna inocencia’ talde argentinarrak lagun. Bigarren kontzertua biharamunean etorriko da, Rio de La Plataren beste ertzean, Montevideoko Antel Arena-n, otsailaren 9an, igandea.
Handik Limara bidaiatuko du taldeak, otsailaren 14an Peruko hiriburuko C. C. Barranco Arena-n kantatzeko; ibilbide hegoamerikarra Txileko Santiagon amaituko dute, otsailaren 16an, La Floridako Estadio Bicentenario-n. Birari buruzko informazio gehiago, hemen.
“Ni descanso ni paz” La Polla Recors-en lehenengo lan diskografikoa da taldea iaz berriro batu denetik. Gogora dezagun boskotea 2003an desegin zela, eta 16 urteko etenaren ostean itzuli direla. Amerikako bira bukatu ondoren Euskal Herriko eta Espainiako hainbat tokitan joko dute.