La Plata, Argentina. Buenos Aires probintziako hiriburu La Platak eta Lapurdiko Baionak bidea abiatu dute itsasoz bi aldeetako bi hiriak ahaidetze aldera. Bilera Baionako Herriko Etxean egin zen, joan den asteko astelehenean, urriaren 10ean, eta bertan parte hartu zuten Javier Mor Roig La Platako zinegotziak, Ives Ugalde Baionako Udaleko Kultura zinegotziak eta Cyrille Laiguillon Kirol idazkariak. Bertan ziren baita ere ‘Los Pumas’ Argentinako errugbi selekzioko kide eta Aviron Bayonnais Rugby Pro taldeko jokalaria den Mariano Galarza, eta baita taldeko zuzendaritza batzordeko Patxi Perez eta Michel Lassalle ere.
Mor Roig zinegotzi argentinarrak, La Platako Euzko Etxea ordezkatuz, plaka oroigarri bat eman zion Yves Ugalderi, bertatik Argentinara emigratu eta La Platan euskal etxea sortu zuten bazkide fundatzaileen oroimenez.
La Platako Euzko Etxeak Baiona hiriari eskainitako plaka
La Platako Euzko Etxeak Aviron Bayonnais Rugby Pro taldeari eskainitako plaka
Aviron Bayonnais Rugby Pro taldeko zuzendariek ere jaso zuten plaka oroigarri bat euskal etxearen partetik, errugbi talde lapurtarra eta Euzko Etxea lotzen dituen atxikimendu eta adiskidetasunaren lekuko. Gogora dezagun 2016an hitzarmen bat sinatu ondoren, La Platako Euzko Etxeko Aviron Bayonnais Errugbi Eskolaren proiektua abiatu zela.