La Plata, Argentina. Koronabirusaren krisialrekin pixkat gehiago kostata, baina plazan da, irakurleekin daukan hitzordua zintzo betez, La Platako Euzko Etxearen Eguzkia hiruhilabetekariaren aurtengo lehenengo alea, denboraldi berriko bederatzigarrena. 32 orrialde bildu ditu eta bere edukia gainbegiratuz, azken aletik hona euskal etxeak garatu dituen eta datozen asteetarako iragartzen dituen --edo koronabirusa iritsi arte programatuta zeuzkan-- ekitaldiak aipa daitezke, artikuluak Espainiako Gerra Zibilaz, Uruguaiko Gerra Handiko euskal bataloiez, Zugarramurdiz, euskal sukaldaritza errezeta, pinpilipauxak, euskara euskal zineman...
Ohi bezala, zenbaki honen azkeneko orria euskal olerkari baten poema bati dago eskainia, bi zutabetan, euskaraz, gaztelaniazko itzulpenarekin. Oraingoan Jon Benito poeta zarauztarra izan da aukeratutakoa eta bere poema, Hastapena edo Origen.
Eguzkia egiten duen taldekideak dira: Susana Aramburu, Herminia Navarro Hartmann, Estefanía Garizoain, José Joaquín Saldias, Guillermo Villate, Francisco Arosteguy, eta Luís Luquez Minaberrigaray, Maria Fernanda Astigarraga lagun. Carlos Cabilondo ere kolaboratzaile izan dute zenbaki honetan. Zorionak ahaleginagatik eta emaitzagatik.
-Aldizkaria (9. zenbaki hau eta aurreko guztiak) hemen irakur/jaitsi daiteke doanik