La Plata, Argentina. Atera da eta prest dago sarean bertan irakurri edo bertatik jaisteko La Platako Euzko Etxearen Eguzkia hilabetekaria. 2019ko lehenengo zenbaki honek etapa berriko 5.a egiten du, eta aurten euskal elkarte laplatatarra 75 urte betetzen ari denez, gai hau aipatzen duenetako bat da. Horrekin batera, bere 28 orrialdeek Euzko Etxearen ekitaldiak aipatzen dituzte, tartean kirol arlokoak, elkartearen irratsaioa, zine saioak, Emakumearen Eguna, euskara, abesbatza, dantza, musa, soinketa, hockeya, pilota, xarea... eta artikuluen artean euskal historia, pintxoak, trinketea, Ekin argitaletxea, beroketa globala eta euskal pintura ere hizpide.
Gogora dezagun iazko martxoan ekin ziola Euskal Etxeak Eguzkia argitaratzeari, horretarako elkartearen izenburu historiko hau berreskuratuz. Iaz lau zenbaki eman zituen argitara eta, abenduan, ohikoarekin batera, baita gehigarri bat ere.
Eguzkia egiten duen taldekideak dira: Susana Aramburu, Herminia Navarro, Estefanía Garizoain, José Joaquín Saldias, Ignacio Esquiroz, Guillermo L. Villate, Francisco Arosteguy, Luís Luquez Minaberrigaray eta Marcelo Ilarregui. Zorionak ahaleginagatik eta emaitzagatik.
Aldizkaria (azkeneko ale hau eta aurreko guztiak) hemen irakur/jaitsi daiteke doanik.