euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak mural batekin apainduko du etxeko aitzina eta bazkideek diseinua bozkatu ahal izango dute

2017/09/08

Haurraren Eguna Euzko Etxea Euskal Etxean
Haurraren Eguna Euzko Etxea Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Muraleko irudiak euskal nortasuna edota euskal kolektibitatearen ezaugarriren bat irudikatu beharko du eta La Platako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko ikasleek margotuko dute. Diseinua erabakitzeko, galdeketa igo du Euskal Etxeak bere Facebook kontura jendeak hautatu eta bozkatu ahal izan dezan. Euskal ikur batzuk daude hautagai, tartean Gernikako Arbola, lauburua, Euskal Herriko mapa eta sanferminak, soilik batzuk aipatzearren.

La Plata, Argentina. Euzko Etxea, Arte Ederren Fakultateko Muralismo Katedrarekin batera garatzen ari den proiektuak helburu zehatza du. Euskal Etxeko egoitzaren zati zaharrena berriarekin –2004. urtean eraikitakoarekin– lotzea. Muralaren tamaina handia izango da eta ageriko lekuan egongo da. Hori dela eta ahalegin berezia egin nahi dute irudi aproposena hautatzearren.

Murala diseinatzeko, galdeketa bat luzatu dio Euzko Etxeak komunitateari; emaitzak orientazio gisa, joera markatzeko hartuko dira, jendearen iritzia izateko. Galdeketan aukera batzuk proposatzen dizkie erakundeak kide eta lagunei, hamabi euskal ikur dituen zerrenda batekin; horiek dira Gernikako Arbola, ‘Guernica’ koadroa, lauburua, ikurrina, dantzariak, esku pilota, txapela, Euskal Herriko mapa, esne saltzaileak, sanferminak, euskal janaria eta zahatoa. Inkestan agertzen ez diren aukerak ere proposa daitezke. Inkesta Euskal Etxearen Facebook kontuan (Centro Basko Euzko Etxea) edo link honetan aurki daiteke.

Gatazken amaieraren zain

Bi arazotan dago sartuta La Platako Euskal Etxea azken bolada honetan, buruhauste bat baino gehiago ekarri diotenak. Baina biak konpontzeko bidean nonbait.

Gatazketako bat hasi zen Euskal Etxeko jatetxearen kontzesiodun ohiak euskal etxea utzi zuenean; pertsona horrek euskal etxearen izena erabiltzen jarraitu zuen eta horrek legezko arazoak sortu zituen bi elkarteen artean. Abuztuan epaia eman zuen justiziak Euskal Etxearen alde eta nahiz eta helegitea aurkez daitekeen, erabat aldekotzat hartu dute Euzko Etxeko lagunek.

Beste gatazkari dagokionez, eta Euskal Etxetik azaltzen dutenez, “nolabaiteko ‘borroka batean’ gaude City Bell herrian dagoen kirol zelaiko lurrak behin betiko eskuratu ahal izateko”. Izan ere lur horiek 2007an utzi zizkion probintziako gobernuak euskal etxeari ‘comodato’ moduan. Comodato hori aurten bukatuko da eta euskal etxea derrigorrezko izapideak egiten ari da lurren lagatzea bideratu ahal izateko.

“Abuztuaren 3an Juan Pablo Allan eta Pilar Ayllon senatariek, Diego Rovella diputatuak, Guillermo Ronga zinegotziak eta Damian Morel Udaleko Kolektibitate idazkariak bisitatu gintuzten eta dakigunez proiektua bideratuta dago, baina oraindik Senatarien Ganbarak berretsi behar du”, azaltzen dute Euzko Etxea-tik.

Kontu hauek ez diote instituzioko giroari batere eragin eta normaltasunez jarraitzen du urteko programa garatzen. Abuztuan, esaterako, ohiko arrakastaz ospatu dira San Inazio jaia eta Haurraren Eguna.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia