euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak martxoan berrekingo die bere 'Oturuntza filosofikoei': 20-30 urteko partaideak biltzen ditu

2022/02/21

Nicolas Torres Ressa filosofoak astero koordinatzen du Oturuntza Filosofikoa Euzko Etxean
Nicolas Torres Ressa filosofoak astero koordinatzen du Oturuntza Filosofikoa Euzko Etxean

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. 2017tik eskaintzen ditu La Platako Euzko Etxeak “Oturuntza filosofikoak”, Nicolas Torres Ressa filosofo gaztearen eskutik. Gai edo egile bati buruzko pare bat orduko asteroko topaketak dira, gogoetarako eta elkartrukerako gune. Ez dira hitzaldi magistralak, edo azalpen teoriko trinkoak, elkarrizketa horizontala da euren dinamika. Eduki filosofikoko ekoizpen tailerrak dira, eta Torres Ressak filosofia nola ulertzen duen islatzen dute: filosofia, elkarrizketa eta topaketa legez, azaldu dio EuskalKultura.eus-i.

Saio ia guztiak tematikoak dira eta gai filosofiko jakin bat hartu ohi dute mintzagai, askoz gutxiagotan autore bat, zehazten du Torresek. Gai ohikoenak zoriontasuna, maitasuna, hurkoarekin elkartzea eta politika izan daitezke, eta abiapuntu gisa funtzionatzen dute, pizgarri eta ez helmuga gisa. Baina filosofo batzuei buruzko Oturuntzaren bat egin izan da urteotan, hala nola Nietzsche, Judith Butler, Plotino, Giordano Bruno, Platon do Aristotelesez. kasu guztietan egilea solaskide.

Oso balantze positiboa

Balantze positiboa oso egiten du Torres Ressak urteotako lanaz. Diosku jende askok egin duela bat proposamenarekin eta denborak aurrera egin ahala publikoaren leialtasuna lortu dutela. Parte hartzaile gehienak 20 eta 30 urte bitarteko gazteak omen. Kasuren batean, gainera, ondotik Filosofia ikasketak hasi dituzte, eta horrek zeharo pozten du bera. Tailerretara biltzeko ez dela aurretiazko ezagutzarik behar azpimarratu du. Eta topaketa bakoitza autonomoa dela, ez dago zertan saio guztietara agertu beharrik.

Kointzidentziaz hasi ziren Euskal Etxean, baina Torres Ressa euskal kultura ezagutzen joan den heinean, konturatu da lotura aurki daitekeela euskal kulturaren eta Oturuntza Filosofikoaren artean. Euskal kulturan bazkari edo ardo bat partekatzeak duen garrantzia tailerrean gertatzen denarekin lotzen du, topaketaren kulturarekin. Berez tailerrek pare ordu irauten duten arren, normalean luzatu egiten dira euskal etxeko tabernan, afalondo bailira.

Martxoan berrekingo

Konfinamendua heldu zela, formatu birtualera pasatu behar izan zuten. Iaz urte amaieran saio presentzial batzuk egin zituzten. Aurten, “Pizza Filosofikoa”ren formatua planteatzen du: hitzaldi bat eta eztabaida pizza eta garagardoa lagun, euskal etxeko tabernan. Aurreratzen du martxoan ekingo diotela berriz, maitasuna eta hurkoarengana hureratzea jorratuta.

2022ko lehenengo Oturuntza Filosofikoak badu data: martxoaren 4an izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia