La Plata, Argentina. Ez da oraingoa La Platako Euzko Etxeak ezintasunak dauzkaten pertsonen integrazioarekin daukan konpromiso sendoa, kirol arloan bereziki, eta esparru horretan abiatuko du bihar euskal etxeak ziklo berri bat inklusiorako formakuntzari lotua "Inklusioa hezkuntza fisiko klasean" izenburupean. Zikloa ekainean zehar luzatuko da, asteartero, saioak hilaren 15, 22 eta 29an. Claudio Falco izango da hizlari, Gorputz Hezkuntzako irakaslea, UNPAZeko psikomotrizista eta "Hezkuntza fisikoa, proposamen inklusibo bat" liburuaren egilea. Zikloak 1.500 pesoko kostua du (13 euro truke ofizialean).
Proposamen honekin Euzko Etxeak sostengua ematen dio Grupo Charlemos taldeari eta uztailean ere ildo bereko ziklo berri baten egoitza izango da, kasu horretan "Kirol buruzagiak" izenburupean. Beste hiru topaketa eskainiko dira, Alejandro Pérez lizentziatua hizlari. Perez Nazio mailako Kirol Idazkaritzako idazkaria da Kirol Egokituen sailean eta koordinatzailea Atlantida Unibertsitateko soinketa eta kirol egokitu diplomaturan. Aurreko ikastaroaren kostu bera dauka.
Gogora dezagun Charlemos taldeak Euzko Etxean proposatutako ziklo hauek, apirilean hasi zirela "Kirol egokitu eta paralinpikoak" zikloarekin. Kirol esparruko profesionalak eta antzeko karreretako ikasleak, irakasleak, kirolariak eta oro har gaian interesa dutenak oro gogoan antolatzen dira.