euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak Idiazabal gazta dastaketa antolatu zuen, Jatorri Izendapeneko aditu baten eskutik

2009/10/23

Gaztaren usaina dastaketak neurten duen elementuetako bat da.
Gaztaren usaina dastaketak neurten duen elementuetako bat da.

PUBLIZITATEA

La Platako Euzko Etxea ezaugarri hauetan ezohikoa den ekitaldi baten egoitza izan da hilabete honetan, izan ere Idiazabal gazta dastaketa bat antolatu baitzuen, probestuz hirian zela bisitari Victor Manuel Rodriguez Rivera, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapeneko Dastaketa Batzordeko kidea. Ekitaldiak euskal gazta honi buruzko jendaurreratzea eta azalpen guztiez eta ilustrazio ugariz hornitutako aurkezpena bildu zuen, azpimota desberdinak azalduz eta, bistan da, hori guztia gazta dastatuz, oso era didaktiko, erakargarri eta ulerterrezean.

La Plata, Argentina. La Platako Euzko Etxetik jaso dugun oharrak gogora ekarten digunez, europar euskaldunek harro mintzatzen dira euren gazta mota eta marka desberdinetaz, horien artean Idiazabal izanik seguruenik nazioartean izenik entzunena eta ospetsuena. Izan ere, 'Europar Gastronomi Ondare'tzat ere jo izan dute eta zalantza gutxi dago esateko Euskal Herriko elikadura arloko mozkinik edo emaitzarik aipatuena eta estimatuenetakoa dela esatean. Latxa edo Karrantzako arrazetakoa ardiek ekoitzitako behar du izan esneak, bertako arrazak biak eta oso aspaldidanik euskal artzaintzari lotuak. Gaztakiak kilo 1 eta 3 artekoak izaten dira eta keeztatuta ala keeztatu gabe aurkez daitezke, norberaren eremuko eta gustuko tradizioen arabera.

2009 la plata idiazabal dastaketa 02

[Idiazabalgo gaztaren ezaugarriak azaltzen]

Mozkin hori gaur egun Idiazabal Jatorrizko Izendapen edo sor-markaren barnean ekoizten da, '1987an jaiotakoa ardi mota hauek lagundu eta egiazko Idiazabal esnegileak defenditu, eta erosleari kalitatea eta jatorria bermatzeko; gaur egun 500 azienda eta 100 bat gaztagile biltzen ditu'.

Joan den urriaren 2an Idiazabal Jatorri Izendapen Gazta Dastaketa bat egin zen La Platako Euzko Etxean, Victor Manuel Rodríguez Rivera Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) irakasle, eta Idiazabal Jatorri Izendapeneko Dastaketa Batzordeko kide denaren eskutik. Bildutakoei gazta honen historia, ekoizpen moduak, dastaketa teknika eta jateko moldeei buruzko jakingarriak azaldu zitzaizkien.

2009 la plata idiazabal dastaketa 03

[Ganibetaz edo haiztoz mozterakoan gaztak erakusten duen itxura eta ezaugarriak ere kontutan hartzen dira gaztari buruzko iritzia ematerakoan]

2009 la plata idiazabal dastaketa 04

[Jende anda polita bildu zen ekitaldira. Interes handiz segitu zituzten azalpenak eta izan ziren aounteak hartu, guztia grabatu zutenak... gaztak dastatu eta zaporea harrapatzearekin batera]

Bertaratutakoen artean, Laborantza Gaietarako Ministerioko kideak ikus zitezkeen; Nekazaritza Fakultateko eta Esne Katedrako partaideak; INTAko profesionalak, Berissoko ardoen ordezkariak, enpresetakoak eta Eusko Etxeko bazkideak.

Rodriguez Rivera doktorearen aurkezpenaren dinamismoak eta maila altuak ongi bete zuten bertaratutako profesionalek zein zaletu soilek dastaketaren artera hurbilarazteko helburua, eta euskal kulturarekin hain lotura estua duen gazta honen zaporea, testura, tankera, usaina... hurren sentitzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia