euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak hiriko euskara ikasle eta irakasleak bildu ditu lehenengoz antolatu duen Mintzodromoan

2017/07/24

La Platako Euzko Etxeak antolatutako Mintzodromoa
La Platako Euzko Etxeak antolatutako Mintzodromoa

PUBLIZITATEA

Argentinan euskara ikasten ari diren lagunentzat ez da batere erraza, klaseetatik kanpo, ikasten ari diren euskara praktikatzeko aukerak aurkitzea. Karia horretara beti dira ongietorriak euskaraz aritzeko gune eta aukerak. Asmo honekin eta iazko Euskal Aste Nazionalean antolatu zen mintzodromoak lortu zuen arrakastak bultzaturik, euskara praktikatzeko ekimen honetarako deia egin zuen Euzko Etxeak uztailaren 8an. Proposamenak harrera bikaina izan zuen ikasleen artean eta emaitzak ikusita Euskal Etxeak ez du baztertzen, neguko oporretatik bueltan, bigarren bat antolatzea.

La Plata, Argentina. Bi hitz elkartzen dira ‘Mintzodromo’ neologismoan: alde batetik, ‘mintzatu’ euskal aditza, hau da, hitz egitea, solas egitea; bestetik, jatorri grekoa duen ‘dromo’ atzizkia, esanahia, lasterketa edo ibilbidea duena. ‘Mintzodromo’ izeneko ekimenak euskararen erabilera sustatzea du helburu eta Euskal Herrian sortu zen, batez ere euskaldunberriei begira. Ideia honek ere, ordea, zeharkatu du ozeanoa eta joan den urtean lehenengoz antolatu zen ‘Mintzodromo’ bat Argentinan. Iazkoa Necocheako Euskal Aste Nazionalaren baitan izan zen, Argentina, Brasil, Uruguai eta Euskal Herriko euskaldunak partaide.

Euskara eta euskaraz konpartitzeko asmo berarekin, La Platako Euzko Etxea ere animatu da hilabete honetan Mintzodromo bat antolatzera, hiriko euskaldunek partaidetza bultzatzeko. Ekintza uztailaren 8an izan zen eta Euskal Etxeko eta La Platako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzako ikasleak euskarazko mahai jokoetan aritu ziren arratsaldean. “Bi taldetan banatu gintuzten eta Pasahitza eta Pictionary jolasetan jardun genuen. Hasieran oso ariketa lasaia izan zen baina gero lehia izpirituak harrapatu gintuen eta zorrotz jarri ginen guztiok, irabazi nahi genuelako”, onartu digu irribarrez Euzko Etxeko euskara ikasle eta erreferente den Maria Fernanda Astigarragak.

Ikasleen solasaldiak sustatzen laguntzeko, Euskal Etxeko irakasleak hartu zuten Mintzodromoa bideratzeaz. Juantxi Yacomini eta Maitane Anduezarekin batera Irakurletzako irakasle berria den Ane Arandia Morgaetxebarria ere ibili zen lan horretan.

Harrera ona eta emaitzak ikusita Euskal Etxeak ez du baztertzen, neguko oporretatik bueltan, bigarren bat antolatzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia