La Plata, Argentina. Berrehun lagun baino gehiago bildu zituen festa batekin ospatu zuen La Platako Euzko Etxeak bere 78. urteurrena joan den larunbatean, maiatzaren 7an. Tartean ziren Buenos Aireseko Laurak Bateko, Lomas de Zamorako eta Chascomúseko dantzariak, Magdalenako Ongi Etorri Euskal Etxeko kideak eta, bistan da, La Platako Euskal Etxeko hainbat bazkide eta lagun. Kazola eta pintxoak dastatu zituzten, eta animazioa bertako “Denak Bat” eta “Zaharrak” dantza taldeen eskutik etorri zen. Aurten “Zaharrak”en 20. urteurrena dela eta, lore sorta bana eman zieten Celina Montes de Oca egungo zuzendariari eta Magdalena Pastor Pulido 2021era arte izandakoari.
La Platako Euzko Etxeak bere 78. urtebetetzearen karietara plazaratutako bideoa
Gernikako Bonbardaketaren urteurrena eta kirola
Egun batzuk lehenago, Euzko Etxeak Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena gogoratua zuen, apirilaren 26an bertan, partaideen artean Kanpoan den Euskal Komunitatearen zuzendari Gorka Alvarez Aranburu, eta zuzendaritza bereko teknikari Benan Oregi, probintziako eta estatuko agintariak ere, hala nola: Ariel Archanco diputatu probintziala, Nicolas Screpis, Migrazio Ordezkaritzetako Zuzendari Nazionala, Ramiro Ordoqui, Buenos Aires probintziako Senatarien Ganbera Ohoragarriko Nazioarteko Harremanetarako zuzendaria eta Ana Negrete La Platako zinegotzia. Plaka bat desestali ostean, euskal zinema saio bat eta lagunarteko afaria gauzatu zuten.
Kirola presente dago oso euskal elkartearen bizitzan. Maiatzean 18 urtetik gorako hockey kategoria ireki zen, eta ia kupo osoa bete zuten. Emakumezkoen boleibol taldeak, La Platako Boleibol Ligan aritzen denak, aurten jokatutako partida guztiak irabazi ditu. Pilotan, urrian Biarritzeko Mundu Txapelketan parte hartzeko aurrez hautatutako xare pilotariek entrenamendu gogorrak egiten jarraitzen dute, baita larunbatero haur eta heldu berriak batzen dituen eskolak ere. Eta ezintasunak dauzkaten pertsonentzako kirolen arloan, lan handia egiten ari dira baita ere itsuen emakume futbol taldea, “goalball”ena, boleibol taldea eta aurten 10 urte betetzen dituen gizon itsuen futbol taldea.
Elkarteko lehendakariorde María Fernanda Astigarragak EuskalKultura.eus-i baitetsi dionez, 'normaltasuna' arlo guztietan ari da berreskuratzen: aurrez aurreko “canasta” partidak egiten ari dira, eta euskarari dagokionez, aurten maila ezberdinetako 7 talde daude. Proiektu asko abian eta martxa polita! Aurrera Euzko Etxea!