euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak Gernikaren bonbardaketa gogoratu eta euskararekiko konpromezua berritu zuen

2007/05/04

Euzko Etxeko lehendakari Javier Cluak Gernikako bonbardaketako gertaerak ekarri zituen gogora (argazkia Euzko Etxea)
Euzko Etxeko lehendakari Javier Cluak Gernikako bonbardaketako gertaerak ekarri zituen gogora (argazkia Euzko Etxea)

PUBLIZITATEA

La Platako Bakearen Lorategia izan zen Euzko Etxea elkarteak Gernikako bonbardaketa gogora ekartzeko aukeratu zuen lekua joan den larunbatean. Bonbardaketaren 70 urteurrena dela eta Euskal Etxeak Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuen bertan, bakearen ikur bezala. Gauean euskal elkarteko kideak bertako egoitzan bildu eta Aberri Eguna ospatu zuten, Euzko Etxeak euskararekin duen konpromezua berrituz.
Joan den larunbatean, apirilaren 28an, La Platako Euzko Etxeak Gernikaren bonbardaketa gogoratu zuen hiriko Bakearen Lorategian antolatutako ekitaldi batekin. Bilkura jendetsua izan zen eta Euskal Etxeko kide eta lagunez gain La Platako agintari ugari ere bertaratu ziren. Emozioz beteriko ekitaldia izan zen. Hasteko Argentinako eta Euskadiko ereserkiak abestu zituzten eta ondoren Jose Boccardok elkarteko euskara irakasleak ongi etorria egin zien euskaraz hitzordura bildutako jendeei.

Eguneko ekitaldi nagusia Gernikako Arbolaren kimu baten landaketa izan zen. Aurretik Javier Clúa, elkarteko lehendakariak mintzaldi labur bat eskaini zuen, 1937ko apirilaren 26ean Gernikan gertaturikoa azalduz eta kimuaren esangura azpimarratuz. 'Oroimena dugu, iragana dugu, baina baita etorkizuna ere eta datozen belaunaldientzako lekukotasuna utzi nahi dugu. (Haritz hau) Bakearen ikurra, munduko herrialde guztientzako bakearen ikurra izan dadin nahi dugu. Eta gure ondotik datozenei gogora arazi diezaiela bakea proiektu etikoa dela, gizakion proiektu garantzitsuena', esan zuen Clúak. Ekitaldia bukatzeko elkarteko soka laukoteak eta koralak emanaldia eskaini zuten eta dantzari batek aurreskua dantzatu zuen. Ekitaldiaren aurkezlea José Orbaiceta zuzendaritza batzordeko kidea izan zen.

[Goiko irudietan, ezkerretik eskuinera eta goitik behera, Jose Boccardo euskara irakaslearen mintzaldia; haritzaren ohoretan aurreskua dantzatzen; gau partean dantzarien ikuskizuna Euzko Etxean eta María Emilia Cairo irakasleak euskaraz irakurri zuen mintzaldia (argazkiak Euzko Etxea)]

Mintzaldia euskaraz

Eguna osotuz arratsalde-iluntzeko partean Aberri Eguna eta Euskal Etxearen urteurrena ospatu zituzten bazkideek elkartearen egoitzan. Afaria egin aurretik Javier Clua lehendakariak hitz batzuk egin zituen eta María Emilia Cairo euskara irakasleak mintzaldia eskaini zuen, elkarteak euskararekin duen konpromezua azalduz. Mintzaldia euskaraz izan zen eta euskara eta gaztelerazko bertsio idatziak banatu zizkieten antolatzaileek entzuleei. Ondotik elkarteko dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen, bertako bazkide eta euskara irakasle Stella Iturbidek EuskalKultura.com-i azaldu dioenez.

[Goiko irudian topaketa Bakearen Lorategian: Euzko Etxeak izan zuen lehendabiziko euskara irakaslea José Antonio Luzarraga, eta egungo irakasle taldea: María Emilia Cairo, María Laura Galarraga, Stella Iturbide, Eugenia Hourçouripe eta José Boccardo (argazkia Euzko Etxea)]


Lotura interesgarriak

La Platako Euzko Etxea
www.netverk.com.ar

Euzko Etxeak nazioarteko trinketea inauguratuko du
BasqueHeritage.com-en 2007ko martxoaren 5ean argitaratua

Gernikako Arbolaren kimua La Platako Euzko Etxearentzat
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 7an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia