Euzko Etxeak eta Jorge Zorreguieta buru duen Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute Universidad del Sur ikastetxearekin Euskara eta Euskal Kulturari buruzko Katedra bat irekitzeko. Katedra Carlos Irisarriren esku egongo da eta sei elkarretaratzetan burutuko da, eta agirirak emango dizkie parte-hartzaileei. Inaugurazioa datorren asteko asteazkenean, ekainaren 14an egingo da eta ekitaldi beran errekonozimendu bat emango diote Euskal Etxeak eta Fundazioak, Etxepare Institutuko La Platako irakurle aritu den Daniel Oiarbideri.
La Plata, Argentina. Euskal kultura zabaltze aldera, zenbait akordio sinaten joan da azken boladan La Platako Euzko Etxea. Horietako batek –gainerakoen berri hurrengo edizioetan emango dugu– Juan de Garay Fundazioarekin batera, Euskal Katedra bat abiaraziko du La Platako Universidad del Este Ikastetxean.
Universidad del Este-ko Euskara eta Euskal Kulturari buruzko katedra bereziki unibertsitate horretako ikasleei egongo da zuzenduta, baina ez eurei bakarrik, eta 2017an sei elkarretaratzetan burutuko da. Eskolak doakoak izango dira, larunbatetan –data zehatzak baieztatzeke daude– goizeko 10:30etatik 13etara, eta elkarretaratze bakoitzean bi klase emango zaizkie ikasleei. Irakasleek Euskal Etxearen edota Fundazioaren babesa izango dute eta Carlos Irisarri Katedraren Titularraren ardurapean arituko dira. Ikastaroa bukatutakoan, agiriak emango dizkie Unibertsitateak parte hartzaileei.
Euskal katedraren 2017ko programak honako edukia izango du (gaia eta gaiaren garatzailea):
-Euskaldunen jatorria (Jorge Beramendi)
-Euskara (Carlos Irisarri)
-Nafarroako Erresumaren Historia (Pedro Beramendi)
-Euskal Eskubidea (Enrique Aramburu)
-Euskal Literatura gaztelaniaz eta frantsesez (C. Irisarri eta M. Barrios)
-Euskaldunak Ternuan (Luis Lúquez)
-Juan de Garay (Jorge Otaño Piñero)
-Euskal literatura euskaraz (Carlos Irisarri)
-Euskaldunen matxinada Salado arroan (G. Villate)
-Euskaldunak independentzian, nazio berrantolaketa eta euskal jatorrizko presidente argentinarrak (Jorge Beramendi)
-Euskal zinea, Urte berri on, Amona! Judith Martirenak aurkeztuta
-Euskal Zinea Kutsidazu Bidea, Isabel Judith Martirenak aurkeztuta
EuskalKultura.com-ekin hizketan Fundazioko bozeramaleek azaldu digute ekinean Katedra finkatzen joango direla eta, posible izanez gero, Euskal Herriko irakasleren baten laguntza ere bilatuko dutela.
Inaugurazioa
Euskara eta Euskal Kulturari buruzko Katedraren inaugurazioa ekainaren 14an izango da, arratsaldeko 7etan, Unibertsitatearen egoitzan, 2. kaleko 684. zenbakian. Zeremoniak programa honi jarraituko dio:
-Euzko Etxearen, Juan de Garay Fundazioaren eta Unibertsitatearen arteko konpromiso hitzarmenaren sinadura
-Euzko Etxeko abesbatzaren emanaldia
-InaugurazioA: Carlos Irisarri katedrako titularraren hitzak
-Errekonozimendua La Platan Etxepare Institutuko irakurle aritu zen Daniel Oiarbideri, Euskal Herrira bueltatu aurretik
-‘Euskaldunak Argentinan’, Mikel Ezkerroren hitzaldia
Inaugurazio ekitaldiaren ostean afari bat eskainiko die Euskal Etxeak bere egoitzan hiru erakundeetako agintariei.