Euskal kulturaren hainbat gai jorratuko dituzte ‘Eguzkia’ aldizkarian idazten duten kolaboratzaileek. Eta euskal etxearen komunikazio-tresna ere izango denez, Euzko Etxeak garatzen dituen proiektu guztiek izango dute euren lekutxoa argitalpenean. Lehenengo alea bertsio digitalean bakarrik kaleratu da eta elkarteak Gernikako Bonbardaketaren urteurrena gogoan hartzeko antolatutako ekitaldian aurkeztu zuen.
La Plata, Argentina. Buenos Aires probintziako hiriburuko euskal etxeak luzaroan izan duen ohitura bat berreskuratuz, bere organo komunikatzailea den argitalpen berri batekin plazaratu da La Platako Euzko Etxea elkartea. Gogora dezagun erakundearen historian beste kultur argitalpen batzuk argitaratu izan dituela, hala nola Eguzkia (1973-1977), Aldaketa (1989), Irrintxi (1992), eta Hargatik (1995-2014).
Aldizkari berriak artikulu ugari bilduko ditu atal finko eta ez-finkotan sailkatuta. Alerik ale jorratuko diren gaietako batzuk honakoak izango dira: euskal jatorrizko jendea Argentinan, erakundetze prozesua eta euskal etxe berrien sorrera, euskal musika, liburutegi arloko ondarea, euskara, eta Euzko Etxeak berak egiten dituen ekintzak oro, zuzenean euskal kulturarekin zerikusia daukatenak, baina baita ere lotura hori izan gabe ber gisan bere baitan egiten direnak, komunitatearekiko ekarpen eta aberasgarri.
Gernikan, ‘Eguzkia’
Gernikako Bonbardaketaren 81. urteurren egunean eta egoera larriak gaindi daitezkeelakoan, Eduardo Arreseygor-en ‘Memoria y olvido de la guerra civil española: de Belchite a Gernika (Memoria eta ahaztea Espainiako gerra zibilean: Belchitetik Gernikara)’ erakusketa testuinguru aurkeztu zuen Euzko Etxeak ‘Eguzkia’ aldizkaria. Ekitaldi berean etxeko dantzari batek ‘ Aurreskua’ dantzatu eta EEko abesbatzak euskal kanta sorta bat eskaini zuen.
‘Eguzki’ aldizkaria euskaletxeak.net web-orrian dago, esaterako, eta link honetatik irakur edota jaitsi daiteke pdf formatoan. Lehenengo ale hau euskarri digitalean bakarrik kaleratu da baina Euzko Etxea-ko erreferente den Maria Fernanda Astigarragak EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, datozen zenbakietarako ez dute baztertzen paperezko ale batzuk inprimitzea. Ongi etorri aldizkari berriari!