euskal diaspora eta kultura
2010/05/26
PUBLIZITATEA
La Plata, Argentina. Urtero bezala euskal etxea sortu zeneko urteurrena iristen denean --66. urteurrena da aurten ospatu dena-- Buenos Aires probintziako hiriburu den La Platako Euzko Etxeak erakundearen bazkide eta lagunak deitu eta bildu zituen efemeridea behar bezala gogoan atxiki eta ospatzeko, ekitaldi berean elkarteak Aberri Eguna ere ohoratu zuelarik, iragana eta erroak bistatik kendu gabe geroari tinko begiratzen dion erakundea denez geroz. Ekitaldiak arratsaldeko zazpietan abiatu ziren, elkartearen historia biziari errepaso bat emanez, 'Oroimena astinduz: geure iraganeko oroitzapen eta pasadizoak' izeneko ekimenaren hirugarren saio bat gauzatu baitzen, kasu honetan Alicia Bonicatto de Larrañaga anderearen eta bere senar Alfredoren lekukotasuna, eta Rosita Ibarguren de Macuso anderearen testigantza eta kontaketak tarteko. Azaleratu ziren pasadizoek Damen lehenengo Azpibatzordea, Au Poza abesbatza, kintxoaren inaugurazioa-eta ekarri zituzten gogora.
Egitarauak 'Bixente Ibarguren' aretoan segitu zuten, bertan aritu baitzen euskal etxeko abesbatza, Maite Unzurrunzaga pianoan laguntzaile, euskal eta argentinar ereserkiak interpretatuz, eta baita euskarazko kantu hautu batzuk ere.
Esker ona EEko lehengo eta egungo bazkideei
Duela gutxi izandako hauteskundeetan Euzko Etxeko lehendakari gisa berrautatua izan den Javier Cluak hitz batzuk zuzendu zikien ondoren bildutakoei, eskerrak emanez euren ekarpenarengatik Etxeko sail guztiei eta batera edo bestera bertan euren ahalegina eta izerdia uzten dutenei. Euskal etxeko oinarri eta sostengu gisa aipatu zituen eta lerro beretik segitzera animatu. Etxearen urteurrenaren festa izanik, esker oneko hitzak izan zituen baita ere elkartea sortu zutenentzat eta urte hauetan guztietan euren ilusioak eta eginahalak ekarri dituztenentzat, kateak segitu ahal izatea ahaleraziz.
Ohorezko Aurreskuaren txanda, Maiteren biolinaren eskutik etorri zen, dantzari lana Andoni Azacaratek bete zuelarik estreinekoz, eta oso ondo, komentatu zenez. Honen ostean afariari ekin zitzaion.
'Taska', dantzariak eta erromeria
Berezitasuna, aldi honetan, jan-edanak 'Taska' moduan eratu izana izan zen, ekonomikoki merkeago atera eta aurrekontu guztientzako egokitzeko moduan gerta zedin, besteak beste familia osoen partaidetza erraztearren. Helburua ongi bete zela esan daiteke, berrehundik gora pertsona bildu baitziren, dastatu izan ahal izan zituzten kutixien artean aipa daitezkeelarik pintxoak, oilasko platerkadak, paella, pantxoak (hala deitzen zaie Argentinan zakur beroei) eta hanburgesak... eta mahaiburuko gisa torta (pastiza edo opil handiak) bikainak eta kafea, azaltzen dio EuskalKultura.com-i azken hauteskundeetatik erakundeko idazkari berri eta dotore den Maria Fernanda Astigarragak.
Bertaratutakoek elkarretaratzeari disdira eta kolore berezia ekarri zioten Euzko Etxeko lau dantza taldeen emanaldia ere gozatu ahal izan zuten: Txikiek Ipurdi Dantza, Fandango eta Arin-Arin dantzatu zuten, Elena Bilbao gidari eta Xabier Aramayoren akordoia lagun; Zaharrak taldekoek Makil Dantza eskaini zuten; Ertainek, Makil eta Arku Dantza; eta Helduen taldekoek Hator Hator, Fandango eta Arin-Arin. Dantzarien zatia, talde guztietako kideak eta publiko gisa zeuden zenbait dantzari izandakoek elkarrekin fandango orokor bat egin eta gero bukatu zen. Badira barnean eraman eta sekula ahazten ez diren gauzak...
Geroago, festa gaueko ordu txikietan hasi zen sartzen, solas lasaien artean, musika eta erromeria lagun...
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus