La Plata, Argentina. Pandemiarekin hasi zen geldialdi pentsatu baino luzeagoaren ostean, La Platako Euzko Etxeak berreskuratu egingo du datorren larunbatean lehenago urtero egiten zuen biziarteko bere bazkideen topaketa. Ekitaldia urte amaieran egin ohi zuen bazkide adintsuenak propio gonbidatuz: Gogora dezagun 40 urtez etengabe bazkide izan ondoren lortzen dutela Euzko Etxeko bazkideek biziarteko bazkide izaera eta, karia horretara, diploma oroigarria ematen zaiela. Datorren larunbatean, azaroaren 25an, ohitura berreskuratu egingo da, bazkari baterako deia eginez EEko Lagunen Artean elkartean.
Aurtengo topaketak berezitasun batzuk izango ditu. Alde batetik, Euzko Etxeak propio eta banan banan gonbidatu nahi izan ditu aspaldi euskal etxera hurbiltzen ez diren eta gaur egun parte hartzen ari ez diren adinekoak. Deialdia EEra berriro erakartzeko aukera izango da, eta aspaldiko partez berriro elkar ikusteko.
2024an liburua Euzko Etxearen 80 urteurrenaz
Bestalde, Magdalena Mignaburu bertaratuko da. Behar da esan Mignaburu, Josu Legarretarekin batera, datorren urtean Euzko Etxearen historiaz argitaratuko den liburua idaztekotekan dagoela, erakundeak 2024an 80 beteko dituela-eta. Larunbateko topaketan Euskal Etxean denbora gehien daramaten eta bertako historiaren parte diren pertsonen ahozko lekukotasunak bildu ahal izango ditu, batuko direnetako asko protagonista ere izanak batira, pasadizo eta xehetasunak euren gogoan gordetzeaz gain.
Dantza taldeko kideak arduratuko dira biziarteko bazkideen topaketan bazkaria prestatu eta sukaldatzeaz, eta honako menua zerbitzatuko dute: enpanada, oilaskoa entsaladarekin, postrea eta edaria. Txartelak salgai daude dagoeneko, 5000 pesoko balioa dute eta euskal etxeko Idazkaritzan eros daitezke astegunetan, arratsaldeko 5etatik 9etara.