euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak 2008ko Euskal Argentinar Aste Nazionalerako irudia diseinatzeko lehiaketa jarri du abian

2008/01/18

Joan den urtean Rosarion egin zen Euskal Aste Nazionalaren logotipoa, orduan 'Gure arimaren oihua - Zazpirak Bat, Rosario' esaldiarekin
Joan den urtean Rosarion egin zen Euskal Aste Nazionalaren logotipoa, orduan 'Gure arimaren oihua - Zazpirak Bat, Rosario' esaldiarekin

PUBLIZITATEA

La Platako Euzko Etxea 2008ko Euskal Aste Nazionalerako irudi bila ari da eta lehiaketa antolatu du diseinua aukeratzeko. Ohi den legez, Euskal Asteak Argentinako euskal etxe andana bilduko du eta irabazleak aukera polita izango du bere lana ezagutarazteko, logoa jaialdiko afitxe, iragarki eta elastiko guztietan agertuko baita. Deialdia Argentinako diseinatzaile eta artistei zuzendua dago eta lanak bidaltzeko epea apirilaren 7rainokoa da.
Lehiaketaren helburua 2008ko Euskal Aste Nazionalean erabiliko den irudia aukeratzea da. La Platako Euzko Etxea izango da aurtengo Euskal Astearen antolatzailea eta bertatik egin da lehiaketaren deialdia. Irudi irabazlea ekitaldiko aktibitate guztietan erabiliko da: dokumentazioan, iragarkietan, jantzietan eta abar. Aurkeztuko diren logo proposamenek 'Semana Nacional Vasca 2008- La Plata' esaldia agertu behar dute eta diseinuak 'euskal kultura, hizkuntza, nortasuna eta kirola iraunaraztearen baloreak islatu behar ditu'.

Lehiaketa Argentinan bizi diren diseinatzaile edo diseinu ikasleei zuzendua dago, Euzko Etxeak deialdiaren oinarrietan azaltzen duenez. Euskal Etxeetako edo FEVA (Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna, Federación de Entidades Vasco Argentinas) federazioko langileek ezin izango dute lehiaketan parte hartu. Lehiakideak banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango dituzte lanak.

Lan originalak

Lanak sekula argitaratugabeak izan beharko dute eta ez dira onartuko publizitatetzat har daitezkeen hitzak edo irudiak izan ditzaketen lanak. Irudiak karnetean, afitxetan, elastikoetan eta dokumentuetan jartzeko egokiak izan beharko dute. Era manualean zein digitalean egin daitezke, baina ezin da argazkirik erabili diseinuan. Kontuan izan behar da diseinua kalitate handiz inprimatu beharko dela. Egile bakoitzak hiru diseinu aurkez ditzake gehienez.

Irudien neurria 9 x 6 cm-koa izango da. Gehienez lau kolore erabili ahal izango dira (kuatrikromia). Era monokromatikoan inprimatzeko aukera ere kontuan izan beharko du diseinatzaileak. Lana CD batean bidaliko da La Platako Euskal Etxera, gutunazal itxi batean. Diseinua honoko formatoetan aurkeztu ahal izango da: Photoshop *.psd (kapatan), 300 dpi; Adobe Illustrator edo CorelDraw, irudiak *.psd o *.tiff-en, 300 dpi. Irudiak oinarri zurrun batean montatu beharko dira eta atzealdean lehiaketaren izena, lanaren izenburua eta egilearen izengoitia jarriko dira.

Saria, 500 peso argentinar

Lanak La Platako Euzko Etxea elkarteko idazkaritzara (14. kalea, 58. kalearekin) bidali beharko dira. Gutunazal itxi batean bidali beharko dira, apirilaren 7a baino lehen. Gutunazalean lanak bidaliko dira eta beste gutunazal itxi batean egilearen izengoitia idatziko da kanpoaldean eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, nortasun agiria, telefonoa eta e-maila. Epaimahaia apirilaren 14ean bilduko erabakitzeko da eta irabazleak 500 peso argentinar jasoko ditu.

Sari ematea Euskal Astean egingo da eta lan irabazlea astean zehar erakusgai izango da Euskal Etxean, beste lan aukeratuekin batera. Lehiaketaren epaimahaia euskal etxe antolatzaileko Zuzendaritza Batzordeko bi kidek eta La Platako Arte Ederretako Fakultateko irakasle batek osatuko dute. Lehiaketaren oinarriak, hemen.


Lotura interesgarriak

La Platako Euzko Etxearen webgunea
www.centrovasco.com

2007ko Euskal Astea, Rosarion
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 8an

Horacio Marottok irabazi du FEVAko karnetaren diseinu lehiaketa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 5ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia