Urte batzuk daramatzate euskal etxeko jokalariek Liga Nazionalean baina hau izan da partida ‘etxeko’ jokatu duten lehen aldia. Eta nahiz eta emaitza ona ez izan, –bi golekin Buenos Airesko Huracan taldea izan zen irabazlea– poz pozik daude futbolariak eta euren kolaboratzaileak “euskal etxeko zaleen animoa ez zelako inoiz apaldu”.
La Plata, Argentina. Joan den abuztuaren 29an Itsuen Futboleko Argentinako Txapelketa Nazionaleko bi partida jokatu ziren La Platako UPCNeko instalazioetan Euzko Etxea-ko taldea antolatzaile. Lehiaketaren data honetan, Centro Vasco eta Huracan de Parque Patricios eta River eta Estudiantes de La Plata taldeak neurtu ziren eta irabazleak hiriburuko taldeak izan ziren, Huracan eta River.
Partida irabazi ez arren, esperientzia berezia izan zen euskal etxeko jokalarientzat La Platan bertan jokatu zuten lehenengo partida ofiziala izan zelako. Eta jokatu bakarrik ez, antolatu ere egin zuten astean bitan Euzko Etxea-ren egoitzan entrenatzen duten gazteek. Ahaleginak bere fruitua eman zuen eta bai jokalariek bai publikoak ere ondo baino hobeto pasatu zuten futbol zelaian eta baita zelaitik kanpo ere.
Taldeari dagokionez, Lelio Sanchez, Carlos Juarez, Antonio Ortiz, Jonatan Gutierrez, Gaston Cabiedes, Walter Mendoza, Pablo Villegas eta Francisco Bolajuzon jokalariek janzten dute ikurrinaren koloreak dituen kamiseta. Zuzendari teknikoak, berriz, Martin Marelli eta Ezequiel Barco dira.
Gogora dezagun 2012an sartu zela itsuen futbola La Platako Euzko Etxean praktikatzen diren kirolen artera. Euskal etxearen babesarekin, jokalariak Argentinako Itsuentzako Kirol Federazioan (FADEC) sartu ahal izan ziren eta ondorioz gaur egun Nazio Mailako Txapelketetan har dezakete parte. Gaur egun Nahuel Saenz da aktibitatearen arduraduna euskal etxeko zuzendaritza batzordean.